EKUADOR.

Larrialdi egoera ezarri du Quiton presidenteak

Hiriburuko udalak Gutierrezen dimisioa eskatu du, baita herritarrek ere

Erredakzioa
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Herenegun gauean (atzo goizaldea, Euskal Herrian) larrialdi egoera ezarri zuen Quiton Lucio Gutierrez presidenteak, herritarrek Gobernuaren kontrako protesta eta grebak egin ondoren. Gutierrezek azaldu zuenez, «ordena eta egonkortasuna ziurtatzeko» ezarri zuen larrialdi egoera. Halere, horrek ez du eragotzi herritarrek protesta gehiago egitea.

Larrialdi egoera egonagatik ere, soldadu eta poliziarik gabe egin zituzten atzo elkarretaratzeak hiriburuko ehunka herritarrek, besteak beste, Lucio kanpora leloa oihukatzen zutela. Gainera, Quitoko Udalak presidentearen dimisioa eta larrialdi egoera altxatzeko eskatu zuen.Egunotako protesten zergatia joan den abenduan piztutako krisi politikoan bilatu behar da. Gutierrezen aldeko gehiengo parlamentarioak Justizia Auzitegi Gorena berregituratzea erabaki zuen orduan, eta oposizioak salatu zuen horrek erakunde horren autonomia urratzen zuela. Presidenteak argudiatu zuen epaileak partzialak zirela eta bere kontra ekiten zutela.Martxoan Abdula Bucaram presidente ohiaren aurkako ustelkeria akusazioak erretiratu zituen auzitegi berriak. Bucaramen Alderdi Roldosistak Gutierrezen alde egin izan du, eta oposizioak salatu zuen presidenteak akusazioak erretiratzera behartu zuela Bucaramen babesa eskertzeko.

Beste kargugabetze bat

Azken egunotako protesta jendetsuen aurrean, eta krisi politikoa leundu nahian, abenduaz geroztik Auzitegi Gorenean zeuden epaileak kargugabetu zituen presidenteak joan den ostiralean. Erabakiak haserrea areagotu zuen.

Oposizioak «Konstituzioaren kontrako» iritzi zion Auzitegi Gorena desegiteari, eta presidentearen jarrera diktadoreen ekinbideekin konparatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.