Urtebete igaro da Poliziak Michael Brown tiroz hil zuela, eta Fergusonen tentsio giroa da nagusi, berriz ere. Asteburuko istiluetan 18 urteko gazte beltz bat larri zauritu zen. Tiroz hura ere. Gertatutakoaren inguruko azalpenak, berriz, nahasiak dira beste behin. Segurtasun indarrei arma batekin oldartu zitzaiela diote agintariek, eta arrazakeriaren biktima izan zela, haren gertukoek.
Brownen hilketa gogoratzeko eta Tyrone Harrisen aurkako erasoa salatzeko manifestazio jendetsuak egin dituzte bart gauean ere. Manifestariak errepidea mozten ahalegindu dira trafiko gehien zegoen orduetan, eta Polizia haiek sakabanatzera inguratu denean piztu dira enfrentamenduak. Orotara 50 lagunetik gora atxilotu dituzte. Tartean, Cornel West giza eskubideen aldeko ekintzailea. Saint Louisek epaitegien kanpoaldean egiten ari ziren protesta baketsuan ari zen parte hartzen West.
Liskarrak saiheste aldera, larrialdi egoera ezarri dute agintariek Ferguson hirian.