FRANTZIAKO LISKARRAK

Larrialdi egoera indarrean jarri du Gobernuak, erasoak eten nahian

Barne ministroak ohartarazi du balitekeela istiluetan parte hartzen dutenen familiei laguntzak kentzea

2005eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
1955eko lege batean oinarrituta, egunotako liskarrei aurre egiteko larrialdi egoera ezartzea eta etxeratzeko agindua ezartzeko posibilitatea ahalbidetzea erabaki zuen atzo Frantziako Gobernuak. Neurria gaur indarrean sartu ahal izateko berariaz egun bat aurreratutako Ministroen Kontseiluan iragarri zuen Nicolas Sarkozy Barne ministroak. «Gertaeren bilakaeraren arabera, neurria tokian-tokian ezartzeko modua aztertuko dugu», azaldu zuen, eta honetan oinarritu zuen Gobernuaren politika: «Irmotasuna, odol hotza eta neurritasuna». Dominique de Villepin lehen ministroak larrialdi egoera justifikatu eta bazterkeriaren kontrako neurri sorta iragarri zuen gune «berezietarako».

Bitartean, liskarretako 12. egunaren bilana (atzo 13. eguna zen) hauxe izan zen: 1.173 ibilgailu erreta, 330 pertsona atxilotuta, dozena bat polizia arin zaurituta. Protestagile batzuek poliziei perdigoiekin tiro egin arren, hauetako inor ez zuten jo. Herenegun gauean istiluek gehien erasandako eremua Lille hiria eta honen ingurua izan zen, non dozena bat eraikin, tartean bost ikastetxe, suntsitu zituzten protestagileek. Halaber,150 ibilgailu erre zituzten eta Poliziak 26 pertsona atxilotu zituen.Lyon eta inguruetan 40 bat auto kiskali eta dozena bat pertsona atxilotu zituzten. Marseillan (Okzitania), aldiz, 30 bat ibilgailuri su eman zieten. Poliziak bederatzi lagun atxilo hartu zituen, horietako bi adin gabeak.Aurreko gauetan bezala, herenegun gauean ere Parisko inguruneetatik ibili zen Sarkozy, poliziei eta suhiltzaileei sostengua ematen. Poliziaren ekinbidea justifikatuta zera adierazi zuen: «Alternatibak ordena errepublikanoa edo banden ordena dira. 30 urte dira hainbat gauza toleratzen direla... Ezin dira toleratu, beraz, ordena errepublikanoa hautatzea erabaki dugu».Atzo Asanblea Nazionalean iradoki zuen balitekeela istiluetan atxilotzen dituzten gazteen familiei estatuaren laguntzak kentzea, «baldin eta gurasoek autoritatea ezartzen ez badute».Villepinek agindu zuen etxeratze agindua eta erabakitako beste neurriak «ardurarekin» ezarriko dituztela. Frantziako presidente Jacques Chiracek, berriz, «indarkeria gelditzeko beharrezkoa» iritzi zion etxeratze aginduari. Villepinen esanetan, Errepublikarako «egiaren ordua» da, eta «ordena berrezartzeak denbora» hartuko du.

Erreakzioak

Eskuinak Gobernuaren erabakia txalotu zuen arren, ezkerrak oro har kritikatu zuen, talde batzuk besteek baino gogorrago. UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduak (Sarkozy du buru) «baldintzarik gabe» sostengatu zuen larrialdi egoera ezarri izana. UDF zentro eskuineko alderdiarentzat «aterabideetako bat» da neurria, baina «polemika erraza» ez egiteko eskatu zuen.

Oposizioan, PSF alderdi sozialistak esan zuen «ordena berrezartzea beharrezkoa» dela, baina zalantzan jarri zuen larrialdi egoera ezartzearen beharra. PCF alderdi komunistako ordezkari François Asensi kritikoagoa izan zen Gobernuarekin: «Gure auzo txiroetara bakea itzultzeko askatasunekiko erasokorra den lege bat ezartzea besterik ez zaizue okurritu? Ez gaude gerra egoeran, larrialdi egoeran baizik, gizarte larrialdian».Noel Mamere Berdeetako diputatuak esan zuen ez duela etxeratze agindua bere herrian (Begles) ezarriko, Frantzia gerra zibilean ez dagoela argudiatuta. Aitzitik, Le Raincy, Orleans eta Amienseko udalak etxeratze agindua ezartzen hasi ziren.LCR Liga Komunista Iraultzailearen iritziz, Villepinek eskuin muturraren ideiak hartu ditu etxeratze agindua, atxiloketa masiboak eta polizia gehiago ezartzean.Giza eskubideen aldeko talde batzuek agiri bateratua zabaldu zuten, neurria gaitzetsita eta Aljeriako gerran erabili zutela gogoratuta, «zoritxarrezko lotura sinbolikoa» dagoela esan zuten.NBEk Errefuxiatuetarako duen Goi Komisionatu Antonio Guterresek esan zuen indarkeria horrek erakusten duela Europan ez daudela harmoniazko bizitza baterako baldintzak. «Ezin da suarekin jostatu», nabarmendu, eta esan zuen Europak onartu behar duela «oso arazo handia duela etorkinen bigarren belaunaldiarekin». Bestalde, Chemnitz hirian (Alemania), hiru ibilgailu erre zituzten. Bruselan eta Liejan ere liskarrak eta erasoak izan ziren.

Larrialdi egoera





1955eko legea: Frantziak Aljeria okupatzen zuelarik eta erresistentziari aurre egiteko onartu zuen lehen aldiz larrialdi egoeraren legea. 1984 eta 1985 artean ere indarrean jarri zuen, Kaledonia Berria uhartean.

Iraupena: 12 egunez ezarri ahal izango dute. Neurria areago luzatzeko Legebiltzarraren baimena beharko dute agintariek.

Debekuak prefeten esku: Prefetek erabakiko dute etxeratzeko agindua eta pertsonen zein ibilgailuen zirkulazioen debekua eta «babes guneak» ezarri edo ez. Ikuskizunetarako, edateko eta bestelako bilguneak ixtea beren esku egongo da.

Ezarriko ez dituztenak: Legeak aurreikusten duen arren, oraingoan ez dute prentsa debekatuko, ezta aginte judiziala Armadaren esku utziko ere.

Euskal Herrian hainbat ibilgailuri su eman diete





Baionan hiru ibilgailu kiskali dituzte Zup barrutian, eta ondoko Camp de Pratsen lau autobus erretzen saiatu dira

erredakzioa

Frantziako hainbat bazterretara zabaldutako liskarrak Euskal Herrira ere iritsi zirela zirudien arren, hori ukatu egin zuten atzo Baionan lan egiten duten gizarte zerbitzuetako arduradunek. Hain justu, ezezagun batzuek hiru ibilgailuri su eman zieten herenegun gauean.

Atzo Frantziako Poliziak lau pertsona atxilotu zituen Baionako Zup barrutian izaniko erreketez galdekatzeko. Poliziak esan zuenez, ibilgailu horiez gain, magrebtarren egoitza batzuei eraso zieten. Zup auzunean afrikar jatorriko etorkin zein hauen seme-alaba franko bizi dira.Gizarte zerbitzuen esanetan, Zupen ez dituzte Frantziako auzo txiroetako arazoak eta atxilotuak etorkinak ez direla nabarmendu zuten. Bart lau autobus erretzen saiatu ziren Baiona ondoko Camp de Pratsen. Kristalak hautsi eta erregai botilak jaurti arren, suhiltzaileek sua itzali zuten. Bestalde, Frantzian gertatzen ari diren liskarrez mintzo, estatuaren «eredu jakobinoaren porrota» erakusten dutela esan zuen Batasuna alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.