igandea
Herrialde Katalanak. Quatre Camins espetxean apirilean izan zen presoen matxinadaren ondoren, zaindariek 20 espetxeratu baino gehiagori tratu txarrak eman zizkietela onartu zuen Kataluniako Generalitatek. Espetxeko osasun zuzendariordea kargugabetu zuten, tratu txarren egileetako bat izan zelakoan.
astelehena
Galizia. Konfiantza mozioa aurkeztu zion Anxo Quintana BNGko buruak zuzendaritzari. Taldearen kontrol politikoa emateko exijitu zuen, eta, hala egin ezean kargua utziko zuela ohartarazi. Ostegunean, Quintanari sostengua agertu zion BNGko buruzagitzak «berrikuntza» gauza dezan.
asteartea
Flandes. Legebiltzar berria osatzeko ekitaldia izan zen eta erakundea koalizio gobernua osatzeko lanean hasi zen. Ekitaldian nabarmendu ziren Vlaams Blok eskuin muturreko alderdiak lorturiko legebiltzarkide berriak.
asteazkena
Herrialde Katalanak. PPren esku den Balear Uharteetako Gobernuaren Turismo Institutuko zuzendari Juan Carlos Aliak dimisioa eman behar izan zuen egunkari batek zabaldu zuenean Errusiara eginiko bidaia ofizial baten gastuak justifikatzeko fakturen artean Moskuko «antzoki erotiko» batekoak zeudela.
osteguna
Korsika. Su-etenari eutsiko diola esan zuen FLNC Borrokalarien Batasuna talde armatuak, Pietroselako Jendarmeriaren aurkako tiroketa bere gain hartzeko kaleraturiko agirian. Erasoa «erantzun egoki eta puntuala» izan zela argudiatu zuen taldeak.
ostirala
Sami Herria. Samiek Suedian duten egoeraren inguruko txostena kaleratu zuen Europako Batzordeko Giza Eskubideen Kontseiluak. Txostenean nabarmentzen da samiek lur erreformaz gain, beren ingurumenaren eta natur baliabideen inguruko kontrol gehiago behar dutela.