Las Vegasen, joko gutxi

AEBetako errepublikanoen lehian, Romneyri 20 puntutik gorako aldea eman diote Nevadan azken inkestek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Las Vegasen, egunez ere itzaltzen ez diren argien erdian, distira egiten du Mitt Romneyk; inon baino diru gehiago mugitzen den hirian eroso eta airoso ageri da, kasino batetik besterako etorbideetako pantaila erraldoietan eta hormetan, eta Nevadako telebista kate eta irrati guztietan. Newt Gingrich amorratuta dago aurkariak azkenaldian hartu duen lekuagatik, Romneyk iragarkietan xahutu duen dirutza izango baita gakoetako baterrepublikanoen hautagai izateko. Nevadan, bederen, ez dago inor zalantzan jartzen duenik han Romneyk irabaziko duela. Kontaketa ikustea, ordea, garrantzitsua da, caucus-ean erabakiko baita, hau da, ez irabazi arren, biltzar batetik bestera batuz doazen ordezkariak lortzeko aukera emango du. Geltoki honetan, ordea, garaipena ez dago jokoan, inkesten arabera.

Irrati uhinetan bakarrik bat bostenekoa izan da bien arteko aldea Floridan, Nevada baino lehenagoko biltzarrean, eta diru gehiena Gingrichen iragana aireratzeko erabili du Romneyk: Freddie Macengatik 1,6 milioi dolarreko ordainketa egin izana eta Ordezkarien Ganbera utzarazi zion aferagatik jarri zioten 300.000 milioi dolarreko zigorrabarra-barra entzun dira. Han ondo atera, eta Las Vegasen ere berdin jokatu du Romneyk, eta abuztua bitarteko biltzar guztietan gauza bera egiteko dirua dauka. Haren Ekintza Politikarako Batzordeek, esaterako, Gingrichen alde daudenek baino hamar aldiz diru gehiago erabili dute, eta diru horren %70 Gingrichen kontrako mezuetarako erabili dute.

Romneyk haizea alde duela erakusteko hainbat seinale badira, diruaz gain; besteak beste, AEBetako informazio zerbitzuek bizkartzainak jartzea erabakitzea, baina bereziki Alderdi Errepublikanoko gobernadoreen eta Ordezkarien Ganberako alderdikide gehienen babesa du bermerik garrantzitsuena, eta haien inguruan dabiltzan eragile ekonomikoena. Floridan erakutsi du, gainera, boto-emaileak hasi direla euren irizpide ideologikoak bigarren mailan uzten, eta Obama Etxe Zuritik bota dezakeena lehenesten.

Floridan eta Nevadan ez dute lortu Hego Carolinan Romneyren kontra erabilitakoek eragina izatea: aberatsegia dela, herritar xumeek baino zerga gutxiago ordaintzen dituela eta hainbat gairen inguruan ez duela irizpide argirik. Nevadara hazita heldu da, nahiz eta bidean aurkariei merke-merke eman dien berarekin sartzeko aitzakia, esan berri baitu pobreenek ez dutela kezkatzen, estatuak «segurtasun sare nahikoa» eskaintzen dielako. Gero, beti egin ohi duen bezala, zuzentzen saiatu da, esanez «indar guztia krisiak jotako klase ertainean» jarriko duela. AEBetan behartsuen babesa ia boluntarioen bihotz onari esker bakarrik lortzen den arren, hori esan ondoren ere %22ko aldea eman diote azken inkestek. Floridan %20ko aldea atera zion Gingrichi, eta American Research Groupen arabera, gainera, liberal, moderatu eta kontserbadoreen botoak bereganatu zituen, eta ebanjelista zuri askorena ere bai. Gingrichen alde soilik kontserbadoreenek eta ebanjelista sutsuenek egin zuten.

Donald Trump, Romneyrekin

Las Vegasen, horregatik, gutxienez eskuin muturrekoenak mantendu nahi ditu Gingrichek, «Amerika errotik aldatzeko». Baina joan den ostegunean Donald Trumpek botoa Romneyren alde eskatu izanak ez dio mesede egiten. Trump dirudun boteretsua Tea Partykoen ligakoa da, Gingrichek iritsi nahi duen sektorekoa. Trumpek zabaldu zuenBarack Obama ez zela AEBetan jaio. Etxe Zuriak jaiotze agiria erakutsi behar izan zuen. Maiz esan du errepublikanoen hautagai izango dela, baina gero atzera egin izan du. Hala egingo balu «primarioak irabazi eta gero presidente» izango litzatekeela uste du, baina, oraingoz, nahiago du sektore pribatuan dirutza irabazi, hori baitu «benetako pasioa».

Baina ez dago dena egina, ezta gutxiago ere, eta Newt Gingrichek ohartarazi du ez duela amore emango, borroka ekainera edo uztailera arte luzatuko dela. Ia segurua da biren arteko gauza izango dela, baina aurreko caucus-ak eta primarioak kontuan hartuta, errepublikanoen abuztuko konbentzioak izango dituen ordezkarien %5 soilik kontatu dira orain arte. Konbentzioak erabakiko du hautagaia, eta, bitartean, 46 estatu geratzen dira oraindik, baita martxoaren 6ko superasteartea ere. Biltzar horrek ezar dezake ezberdintasuna, baina agian horrek ere ez. Denbora gehiegi da Romneyk estropezurik ez egiteko.

Dena den, gertuen daudenak Nevadako caucus-aren ondoren, Colorado, Minnesota eta Maine, ez dira Gingrichentzat agertoki egokienak. Ron Paul eta Rick Santorum beste bi hautagaientzat, berriz, saio erakargarriak izango dira.

Nevadan, Ron Paulek lekua egin dezake. Lau hautagaien artean bera da atzeen dabilena, baina Las Vegasen edota Death Valleyren inguruko herrietan, beste kontu bat da. Estatuak herritarren bizitzan ahalik eta esku hartze txikiena izan behar duela esatearekin egin du kanpaina Paulek, eta Nevadan bezala leku gutxitan dauka arrakasta. Armak erabiltzea gustatzen zaie, defendatzeko baino gehiago askatasun printzipioa gogorarazten dielako. Alderdia utzi eta beste bat sortzekotan ibili zen Paul, baina barruan geratzea erabaki du, eta irabazteko helburua baino gehiago konbentziora ahalik eta ordezkari gehien eramateko asmoa dauka, alderdian eragin nahian. Horretarako indarra caucus-etan jartzea erabaki du, primarioetan ez bezala, ez baita dena edo ezer ez jokatzen.

Santorum, lehiara bueltan

Rick Santorumek ere Florida alde batera utzi zuen horrexegatik, eta baita alabaren osasun egoera txartu zelako. Nevadakora begira kontzentratu da. Hain zuzen, adituen ustez, orain arteko telebista eztabaidarik onena egin du Santorumek aste honetan: Romneyri eta Gingrichi gauza garrantzitsuez hitz egiteko eskatu die, elkar iraindu beharrean. Gai garrantzitsuagoa, besteak beste, jaio zenetik hilzorian duen alaba da. Abortuaren etsaia da Santorum, eta alabak Edwardsen sindromea du. Urtebete ez dute irauten hori dutenek, baina bizitzaren alde «edozer» egitea defendatzen duenak hamaika ebakuntza egin dizkio alabari. Horixe erabiltzen du eztabaida guztietan, erakusteko gauza garrantzitsuen defendatzailea dela. Erretiratzeko asmorik ez duela berretsi du, Gingrichek besterik nahiko balu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.