Hitzarmena egin zutenean, iazko abuztuan, William Brownfield AEBek Bogotan duen enbaxadorea adostutakoari garrantzia kentzen saiatu zen, esanez, horrek soilik «eguneratu» egiten duela bi herrien arteko akordio militarra. Baina eztabaidaren gakoetako bat da, planak eguneratuz joan diren neurrian, AEBek gaur egun, iskanbila handirik sortu gabe, Latinoamerikan lerratzeko moduko estrategia dutela.
Ez dira denak, Brownfielderen iritzikoak. Eguneratzea, eta AEBek eta Kolonbiakhitzartu dutena oso ezberdinak dira,Luis Carlos Bonilla magistratu ohiarentzat; akordio bilaterala delako, bertan behera uzteko eskaera aurkeztu berri du Estatuaren Kontseiluan. Horregatik dago hitzarmena momentuz, ez aurrera, ez atzera, eta erabakiaren eperik ez dute eman oraindik. Dena den, kritikatu dute, erabakia hartu aurretik baseak erabiltzeko prestatzen ari direla.
Gaur egun Giza Eskubideen Defentsarako Batzorde Iraunkorreko zuzendaria da Bonilla, eta taldeak akordioari buruz egin duen azterketan esaten du nazioarteko benetako hitzarmena dela Kolonbiak eta AEBek egin dutena, eta dagozkion lege eskaerak bete behar dituela, besteak beste,nazionalak -Kolonbiako Kongresuaren oniritzia beharko luke-, eta nazioartekoak -Vienako Konbentzioa-. Hori dena, noski, ez da egin, «eta ez da, Kolonbiako Gobernuak dioen bezala, akordioaren jarraipen bat. Erabat gainditzen ditu bi herrien orain arteko hitzarmenak».
Abokatuaren ustez, Kolonbia ez ezik auzokoak ere «jazarpen arriskuagerikoaren menpe leudeke etengabe, kontuan hartuta Palanqueroko baseetan egoteak soilik, marine estatubatuarrek aukera izango luketela Latinoamerikako herrialde guztiak begiratzeko». Kolonbia Planaren jarraipenaren aitzakian, «Latinoamerikan sortu diren ezkerreko mugimenduak kontrolatuko dituzte, eta plan militarrak kontrolaezinak bezain arriskutsuak dira, auzia epaitegietan izanda ere».
AEBen eskuak ALBA Amerikarako Alternatiba Bolivartarreko herrialdeen artean sortu du ezinegon gehien, eta hori asteon ere, beste behin, islatu da Mexikoko bileran. Hugo Chavez eta Alvaro Uribe elkarri irainka aritu dira,base militarren hitzarmenaz geroztik etenda dauzkate-eta harremanak. Ordutik elkarri akusatu diote planak edukitzeaz auzoarierasotzeko. Chavezek esana du «Latinoamerikan gerra haizea hasi» dela. Beldur horiek noraino dauden oinarrituta alde batera utzita ere, militarren begiak hegoaldera begira egoteak, gutxienez, mesfidantza eragiten du. Kolonbiaren eta Venezuelaren artean dauden ika-mikak leuntzeko, hasteko, batzordea sortu dute Latinoamerikako ordezkarien artean.
Egoera moldatzen
AEBk kontrol militarra moldatuz joan dira Latinoamerikan. EkuadorkoGobernuak Manta basearen kontzesioa bertan behera utzita dauka, baina Kolonbiako base militarrekin hori ordezkatzeaz gainera, Andeen eta Amazoniaren eskualdera zabaldu dira. Pazifikoari dagokionez, Alan Garcia Peruko presidenteak eskubideak eman zizkion VI. Flotari kai perutarrak erabiltzeko, eta Huallaga bailaran sartzeko baimena du AEBetako armadak. Haien egitekoa, baina, ez da berdin ikusten herrialde guztietan. Peru da Kolonbiaren aliatua, eta Venezuela, Ekuador eta Bolivia ditu kontrakoenak. Brasileta Argentina ere baseen kontra agertu dira, nahiz eta merkatal harreman handiak dituzten AEBekin.
Hala ere, Mexikon erabaki dute luze hitz egin behar dutela gaiaz. «Bileraren ostean argi geratu dena da kontinentean indarrean dagoela baseek sortu duten kezka», Amira Armenta historialari eta ikertzailearentzat. «Orain ikusi beharko dute nola bideratu kezka hori».
Gatazka armatuak eta narkotrafikoak jota dagoen gunea oraindik eta gehiago desorekatzen dute baseek Armentaren ustez. «Arazo horiei irtenbidea eman beharrean, egoera larriagotu dezakete baseek, atzerriko potentzien esku-sartzerik gabe irtenbidea eman beharrean». Horrez gainera, Latinoamerika osoa tenkatzeko moduko egoerak sor ditzakete: «Militarrak, sekretupeko planen aitzakian, edozein herrialdetan lerratzen dira, eta tira-birak eragin ditzake beste herrialde horietan.
AEBen politika
Barack Obamak Latinoamerikarako zein estrategia erabiliko duen ez da argia, baina Kolonbiaren kasuan narkotrafikoari eta gerrillariei aurre egiteko 1999koKolonbia Planak 2013ra arte du segida, nahiz etahelburuak ez dituen lortu.AEBek ere onartzen dute hori. Joe Biden AEBetako presidenteordeak, Senatuaren atzerriko harremanen presidente zela, 2008an, horrela informatu zuen planari buruz: «Kolonbia Planaren drogak gutxitzeko helburua ez da bete, baina segurtasunean hobetu da...».
1999an Andres Pastrana Kolonbiako presidenteak eta Bill Clinton AEBetakoak sinatutakoaren bidez, militar estatubatuarren laguntzaz kokainaren produkzioa %50 jaistea zen AEBen helburua, eta ez lortu arren, Kolonbiako Kongresuan ez da eztabaidatu planaren luzapena. Gerrillarien jardunean, baina, hasieran izan zuen eraginik. Dena den, 2009ko datuen arabera, talde armatuen berrarmatzea eta susperraldia izaten ari dira.
Estatubatuarren planarekiko laguntza ekonomikoa %11 da soilik, eta baldintzekin. Batetik, planaren kudeaketaren %75 AEBetako agentzien esku dago, eta bestetik, aurrekontuaren erdia AEBetako industria militarren kontratuetarako izan da. Kolonbiak, berriz, 1999 eta 2008 urteen artean, 52.241 milioi dolar gastatu zituen planean, eta kopuru horren diru gehiena -37.209 milioi dolar-, segurtasun eta defentsa neurriak hirukoizten erabili du. Kolonbia helburu horietan gehien gastatzen duen herrietako bat bilakatu da, eta 1999tik 2008ra bitartean, zor publikoaren erdia horrek eragin du. Herrialdeak duen auzia ez da konpondu gainera, areagotu baizik.
AEBek defendatzen dute neurri handi batean porrot egin duela planak, eskualdeko beste gobernu batzuek narkotrafikoari aurre egiteko ez dutelako ekimenik bultzatu, eta hori«mehatxu berria»da eurentzat, alegia, Hugo Chavezek base militarrei buruz izan duen erreakzioak horri erantzuten diola; AEBetako Estatu Departamentuaren arabera, ez baita droga trafikoa geldiarazteko lanik egiten ari; gainera, Chavezek ekintzaileekin harremana duela pentsatzeko zantzuak daudela esaten dute, eta Iranekin ere lantzen ari den harremanak badaezpadako estrategiarako arrazoi nahikoa direla; «aitzakiak», Chavezen ustez.
AEBentzat merkataritza askerako gunea da Latinoamerika; baliabide naturalak eskuratzekoeta bere inbertsioak babesteko ere bai. Kolonbia Planaren arabera, ezinbestekoa da gerrillariak botatako lurraldeetan etengabeko militarren presentzia ziurtatzea lurralde haietako ekonomia suspertzeko, eta bide batez, han aske aritzeko negozioetan.
Indarkeriari aurre egiteko Kolonbiak AEBekin hitzarmenak 1952tik dauzkala argudiatuz justifikatu zuen Uribek iaz akordioa, Latinoamerikako buruzagien aurrean, eta Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak hauxe erantzun zion: «Horrenbeste kooperazio urtean indarkeriaren arazoa konpontzeko gai izan ez bazarete, garaia da estrategiaz aldatzeko».Cristina Fernandez Argentinakoak, berriz, hauxe: «Inoiz ez dio Fernandez jeneral batek Johnson jeneral bati agindurik eman».
Jorge Battaglino.Latinoamerikako politikan aditua
AEBen eta Kolonbiaren arteko akordio militarraren bertsio ofiziala zalantzan jarri du Battaglinok; baieztatu ezin badaiteke ere hegaldiak egiten ari direla eta jada soldaduak baseetara iristen ari direla dio.
«Kolonbia eta Venezuelaren arteko talka baldintzatzenari da kontinentearen oraina»
Kristina Berasain.Argentinako Torcuato di Tello Unibertsitatean Latinoamerikako Politikako irakaslea da Jorge Battaglino (Buenos Aires, 1968). Ikerketa ugari egin ditu kontinentearen garapenaz eta arretaz jarraitzen ditu azken urteotako aldaketak.
AEBek Kolonbiarekin sinatu duten akordioaren benetako asmoa zonaldea militarki kontrolatzeko estrategia dela salatu dute hainbat herrialdek. Zer iritzi diozu akordioari?
AEBek arazo handia dute narkotrafikoarekin nazio mailan; kokaina kontsumitzaile handiena baita. Eta Kolonbian ekoizten da kokaina hori, beraz, testuinguru horretan narkotrafikoaren kontrako borrokaz mintzatzen direnean, pentsa liteke asmo hori ere badutela; nahiz eta orain arte zentzu horretan abian jarritako politikek huts egin duten. bi estatuek sinatu duten akordioan horrela jasota ez badago ere, argi dago base militar horiek aukera emango lieketela zonaldearen gaineko kontrola izateko. Zaila da hori frogatzen, baina, iraganari begiratzea baino ez dago benetako estrategia militar bat dagoela esateko; dagoeneko kontrol bat du sateliteen bidez. Beraz, bertsio ofiziala dago eta oraindik baieztatu ezin daitekeen asmoa.
Baliabide naturalak bereganatzeko asmoaz ere mintzatu dira. Kolonizazio berri batez hitz egiten al da?
AEBk kezkatuta daude baliabideen harira, baina hortik esatera baliabideak bereganatzeko indarkeria baliatuko duela, asko esatea da. Iraken eta Afganistanen nahikoak arazoak dituzte kontinenteari erasotzeko; akaso bide ekonomikoetatik, merkataritza itunak sinatuz, ari dira bitarteko horiek eskuratzen baina ez indarkeria baliatuz. Gainera aintzat hartu behar da badaudela eskualdean bitarteko militar sendoak dituzten herrialdeak eta, horrek, are ezinezkoago egiten du balizko eraso bat.Orografiak ere ez luke lagunduko horretan; amesgaizto bat izango litzateke.
Akordioa auzitegietan dago egun. Senatuak onartu izana ez dela aski salatu dute akordioa nazioarteari eragiten diola argudiatuta...
Nire ustez ez dago atzera egiterik. Kolonbiako Gorenak nekez botako du atzera agintari gorenek hartutako erabakia. Akordioa, dena den, ez da berria, orain arte zegoenean sakondu egin baitute; aliantza militarraren etapa berri bat da. Bide judiziala ezerezean geldituko da; izan ere, dagoeneko tropa estatubatuarrak iristen hasiak dira baseetara. Kolonbiara iristen ari dira aurreneko taldeak.
Kritikak, dena den, aho batekoak izan ziren, eta horrek ematen du zer pentsatu...
Latinoamerikako herrialde guztiak, ñabardurekin, agertu ziren irmo akordioaren kontra; Argentina, Brasil, Peru eta Uruguai barne. Base horietan gertatzen dena baldintzatuko du etorkizuna, baina jada susmoak badaude bertatik hainbat hegaldi egiten ari direla, eta litekeena da egoerak okerrera egitea. Eta hori baliagarria izango da estatu bakoitzaren jarrera argitzeko, anbiguotasunez ari diren horien jarrera, bereziki.
Hugo Chavezek dio gerra haizeak daudela Latinoamerikan. Zein neurritarako dago gerra arriskua?
Ez dut uste hori esateko zantzurik daudenik. Argi dago azken hamarkadan areagotu egin direla estatuen arteko gatazkak, baina, ez da ahaztu behar kontinenteak tradizio luzea duela gatazkak konpontzen. Latinoamerika da munduko eskualde baketsuena; bitartekoak baititu gatazkak saihesteko. Hortaz, nekez piztuko da gerra, eta piztuz gero, nekez iraungo du. Kolonbia eta Venezuelaren arteko talka baldintzatzen ari da kontinentearen oraina, batarekin edo bestearekin lerratzen baitira estatuak, baina gauzak bere neurrian kokatu behar dira; kontinenteko hamar herrialdetik bi baino ez dira eta biztanle kopuruari eta ekonomiari erreparatuta ez dira inportanteenak, beraz, gerra arriskua txikia da. Chavezen adierazpenak nazioartearen arreta deitzeko baino ez direla uste dut, bere erretorikaren parte.
Latinoamerika ezkerrera mugitu da azkenaldian. Positiboa izan al da hori eskualde mailan?
Argi dago on egin diola ikuspuntu askotatik, batez ere, maila sozialeko politikek ekarri dituzten aldaketengatik; pobrezia murriztu egin da. Latinoamerikako egoera politikoa, dena den, askotarikoa da.
Hondurasen eta Haitin AEBen asmo militarren aurrekariak aurki daitezke. Esku hartzerik izan al da?
AEBek bere azpiegitura militarra hedatzen ari da, ez dakigu zein asmorekin, baina horretan ari da irailaren 11ko erasoen ondotik; egun kontinente guztietan ezarri da eta komando militarrak ditu mundu zabalean. Hondurasen espero zen estatu kolpea eman zutenen kontra irmo egingo zutela, eta ez da horrela izan. Eta Haitin espero zen militarrak bidali beharrean giza eragileak bidaliko zituela, eta ez da horrela izan. Barack Obamaren estrategia, beraz, ez dirudi bere aurretik agintean egondakoen oso bestelakoa izango denik.
AEBak eta Kanada bere baitan hartuko ez dituen erakunde bat osatzekotan adostu dira aste honetan Mexikon; AEE Ameriketako Estatuen Erakundea ordezkatuko lukeena. Zer iritzi diozu horri?
Aspaldiko asmoa da hori. Kontinenteko interesak gero eta desberdinagoak dira eta hori islatuko duen erakunde bat behar da, guztien interesa ordezkatuko duena. AEE aspaldian utzi zion kontinentearen interesak ordezkatzeari; egun blokeatuta baitago interes talka dela medio.