Gaur eguerdian Liejan (Belgika) granadekin egindako erasoan gutxienez lau lagun hil eta 67 zauritu dira. Hildako horien artean ustezko erasotzailea dagoela esan du Poliziak, eta bere buruaz beste egin duela. 40 urte inguruko gizonezkoa da, eta delitu aurrekariak zeuzkan.
Erasoa Lieja erdian izan da, Saint Lambert plazan, autobus baten zain zeuden hainbatengana granadak jaurtiz. Lekukoek zehaztu dute erasotzaileak lau granada bota dituela, eta horren ondoren leherketa txikiagoak entzun dituztela; Poliziaren arabera, tiroak izan dira.
RTL-TVI telebista kateak aipatu du hiru izan litezkeela erasotzaileak. Poliziak ez du ezer esan oraindik. Liejako alkateak adierazi du erasotzailea bakarra izan dela.