mundua

Lau lagun hil dituzte Okzitaniako Tolosan, eskola judu baten aurrean izandako tiroketan

Motoan iritsi den gizon bat tiroka hasi da. Hildako hiru haurrak dira; bestea, irakasle bat. Hilaren 11n Tolosan bertan eta 15ean Montaubanen Frantziako hiru militarren hilketetan erabilitako bala zorroen eredu berekoak dira gaur aurkitutakoak; orduan ere erasotzaileak moto bat erabili zuen. Sarkozyk esan du gertaera "tragedia nazionala" dela.

2012ko martxoaren 19a
18:10
Entzun

Hiru haur eta heldu bat hil dituzte gaur goizean Okzitaniako Tolosan, eskola judu baten aurrean gertatu den tiroketan. Umeak 5, 6 eta 7 urtekoak dira —6 urtekoa da azkena zendu dena; buruan tiro bat jaso du, eta hil edo biziko egoeran egon da—. Beste hildakoa irakasle bat da. Suhiltzaileen arabera, gutxienez beste bi zauritu daude.

Ozar Hatorah ikastetxean izan da tiroketa, zortziak aldera. Ikasle baten amak esan du gizon bat motoan iritsi dela eta atarian ziren umeei tiroka hasi zaiela; ihes egin du ondoren.

BFM TV katearen arabera, 11,43 kalibrekoak dira bala zorroak, hilaren 11n Tolosan bertan eta 15ean Montaubanen Frantziako hiru militarren hilketetan erabilitakoen eredu berekoak. Orduan ere erasotzaileak moto bat erabili zuen. Pierre Henry Brandet Frantziako Gobernuko Barne Ministerioko eledunak esan du ikerketan gauzak argi izan artean zuhurtzia izan behar dela.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Tolosan da. "Izuaren aurrean ezin dugu amore eman", adierazi du. Gertaera "tragedia nazionala" dela dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.