Kairoko kaleetan bigarren egunez izan dira istiluak manifestarien eta polizien artean. Joan den astearte gauean 74 lagun hil ziren Port Said futbol zelaiko sarraskian, eta, harrezkero, Kontseilu Militarraren kontra protestaka ari dira zenbait hiritako kaleetan. Hiriburuan, Defentsa Ministerioaren egoitzaren aurrean jarraitzen dute manifestariek, eta Poliziak gogor erantzun die. Dagoeneko 1.500 lagunetik gora zauritu dira bi egunetan —horietatik 640, atzo—, eta lau lagun hil dira: manifestari bat eta polizia bat Kairon, eta beste bi lagun Suezen, Poliziak komisaria batera sartzen ari zen manifestari talde baten kontra jaurtitako tiroek harrapatuta. Gorrotoaren Ostirala izena eman diote atzoko egunari, eta38 gazte erakundek eta talde politikok egin zuten protestarako deialdia.
«Historiako arorik arriskutsuenean eta garrantzitsuenean da Egipto», adierazi du Mohamed Hussein Tantawi mariskalak zuzentzen duen Kontseilu Militarrak. «Krisian modu egokian esku hartzeko eta haserrea baretzeko egitekoa hartzeko» eskatu die kontseiluak alderdi politikoei. Azken egunetan indarkeriak gora egin izanaren errua, bestalde, «nazioarteko eta barneko agenteena» dela nabarmendu du militarren buruzagitzak.
Eraikin publikoa sutan
Kontseiluak azaldu du beti defendatu izan duela herritarrek manifestazioak egiteko duten eskubidea, eta erakundeek herritarren deiadar hori entzuteko betebeharra dutela. Alabaina, militarrek ohartarazi dute azken manifestazioetan «Estatuaren ondasunen eta eraikinen kontrako erasoak izateko arriskua» sumatu dutela.
Hain zuzen ere, kontseiluaren agiria argitaratuaz batera, manifestari batzuek higiezinen zergak jasotzeko zerbitzuaren egoitzari su eman zioten atzo iluntzean. Egiptoko Poliziaren arabera, Al Ahly futbol taldeko zaleak dira manifestari gehienak —talde horren partida ostean izan zen sarraskia asteartean—, eta egoitzatik armairuak atera dituzte, barrikada gisa erabiltzeko.
Lau lagun hil eta 1.500 inguru zauritu dira Kairoko istiluetan
Egiptoko Kontseilu Militarrak «atzerriko agenteei» bota die herrialdean dagoen egoeraren errua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu