Erresuma Batua

Lau leherketa Londresen; bi lagun atxilotu dituzte

Hiru leherketa izan dira Londresko metro sarean, eta laugarren bat autobus batean. Eztandak izan eta gutxira, bi lagun atxilotu dituzte leherketekin zerikusia dutelakoan, eta pertsona gehiagoren bila dabiltzala adierazi dute Polizia iturriek. Londresko Poliziaren arabera, kargarik gabeko detonagailuak eragin dituzte leherketa horiek. Zehazki, Oval, Sheperd's Bush eta Warren Streeteko geltokien inguruan jaso dira metroko eztandak; autobusekoa Hackney Roaden. Londresko garraio sarea epe batez, badaezpada, itxita edukiko dutela iragarri du Londresko poliziaburuak. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak esan du "itxuraz" zauriturik ez dagoela, eta "beldurra sortzea" dela ekintza horien helburua. Izan ere, gaur hamabost 50 lagunetik gora hil zituen atentatu oldearen nolabaiteko errepikapena izan da.

2005eko uztailaren 21a
19:29
Entzun
Poliziaren arabera, Londresko hiru metro estaziotan hiru bonba txiki leherrarazi dituzte, eta laugarren bat autobus batean.Leherketa horiekin ustez zerikusia duten bi lagun atxilotu dituzte, eta pertsona gehiagoren bila dabiltzala adierazi dute Londresko Polizia iturriek.

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak, "zorionez hildakorik ez" dagoela esan du, eta horrelako ekintzen xedea "izua eta kezka" eragitea dela. "Gertakariei ez zaie garrantzia kendu behar", adierazi du, baina "normaltasuna lehenbailehen berreskuratu" behar dela. Ahalik eta lasterren Londresko garraiobide sarea ohikora itzuliko dela agindu du, eta herritarrek gauza bera egin dezaten eskatu. "Lasaitasunez erantzun behar diegu gaurko gertaerei". Krisi kabinetea deitu duela gaineratu du Blairrek.

Izu une handiak izan dira erasoak gertatu diren gune guztietan, jendeak gaur hamabosteko atentatu larriak baititu gogoan. Uztailaren 7ko lau atentatuetan 56 lagun hil ziren, eta orduan ere, lau lehergailuetatik hiru metroan eztandarazi zituzten eta laugarrena autobus batean.

Ian Blair Londresko poliziaburuak "gertakari larriak" direla adierazi du, eta dagoen lekuan geratzeko eskatu dio hirian dabilen jende guztiari, garraio sarea, badaezpada, epe batez itxita egongo dela eta.

Pertsona baten bila erietxe batean

Warren Streeteko geltokitik hurbil, berriz, Londresko Unibertsitateko Ospitalera sartu da Polizia,erasoetan parte hartu duela uste duten gizonezko baten bila. Sky News telebista kateak zabaldu duenez,asiarrenezaugarriak dituen gizon baten bila dabil, zehazki, Polizia. Alkandora urdin bat luke jantzita pertsona horrek, eta bizkarretik zintzilik kable batzuk izango lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.