«Lau urteotako politikarekin segituz gero, ekonomiak okerrera egingo du»

Mahmud Ahmadinejaden jarraitzaile sutsuenetariko bat zen Khoshtxehre hark kargua hartu zuenean; hiru hilabetera, ordea, baieztatu zuen harena proiektu populista besterik ez zela.

Carles Castro
Teheran
2009ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mohammad Khoshtxehre 2005ean sartu zen Irango Parlamentuan, Mahmud Ahmadinejad presidentearen bitartez. Denbora gutxi iraun zuen adiskidetasunak: hiru hilabetera, haren etsairik porrokatuenetako bat zen Khoshtxehre. 56 urteko ekonomialariak baieztatu du proiektu populistak besterik ez duela bultzatu Ahmadinejadek, zuzendaritza politiko jakinik gabe.

Esan izan da gauza berriak ekarri dituztela hauteskunde hauek; esaterako, kaleko ospakizunak eta botoaren polarizazioa. Hala da?

Egia da boz hauetan emozioak agertzen ari direla, bi arrazoirengatik: batetik, gizartearen egituran, adinari dagokionez, gazteak direlako nagusi; bestetik, telebistan eztabaidak izan direlako, lehen aldiz. Hala, jendeak zuzenean ezagutu ahal izan ditu hautagaiak, haien ideiak, haien jarrerak. Horrek guztiak emozio kutsua eman die hauteskundeei. Dena dela, ideiak eta arrazoibideak dira garrantzitsuena.

Zure ustez, zerk du pisurik handiena hauteskundeotan: barne politikak ala kanpo politikak?

Jendearentzat, ekonomia da garrantzitsuena hauteskunde hauetan. Ekonomian jendea konbentzitzen duen hautagaia, huraxe nagusituko da botoetan.

Zein da Irango ekonomiaren egoera?

Egiatako ekonomiari buruz ari garenean, gazteen lan egoeraz hitz egin behar dugu, inflazioaz eta ekonomiaren aurrerapenaz. Lau urteotan izan dira aurrerapen batzuk, baina oraindik ere alde handia dago beste herrialde batzuekin konparatuta. Langabezia oso handia da, eta inflazioa lehengoan da [%29 inguru]. Gainera, petrolioaren mende dago gure ekonomia, eta haren prezioaren gorabeherek eragin handia dute Iranen diru sarreretan.

Ona iruditzen zaizu oraingo administrazioa egiten ari den kudeaketa?

Gure ekonomia ez da piztu, eta oraindik alde handiak daude gizartean. Politikak aldatu beharra dago, eta mekanismoak eta bitartekoak ere bai. Hori eginez gero, izugarri aurreratuko dugu. Lau urteotako politikarekin segituz gero, egoerak okerrera egingo du.

Zer mekanismo eta zer bitarteko aldatu behar dira?

Gure politika ekonomikoak aldatu behar dira, batez ere merkataritza harremanak eta lan egoera. Inportazioak gutxitu egin behar ditugu, eta hemengo produktuak sustatu. Era berean, etxe politika ere aldatu beharra dago, etxeen eraikuntzari eta lurraren kudeaketari dagokienez. Urte hauetan, politika txarrek ekarri dute etxeen prezioa lehen halako hiru izatea, bai erosteko eta bai errentan hartzeko, eta horrek handitu egin ditu gizartean dauden aldeak.

Zer erronka izango ditu hurrengo gobernuak?

Funtsezkoa izango da hurrengo presidenteak ondoan espezialistak izatea alor bakoitzean eta haien aholkuak kontuan hartzea erabakitzerakoan, eta ez bere irizpide pertsonalak. Izan ere, erabaki okerrak hartu izana da oraingo gaitz gehienen iturburua, aholku lan egokia falta izan delako.

Iranek nolako harremanak izan beharko lituzke nazioartearekin?

Arrazoia nazioaren harrotasunaren parean jarri behar dugu. Erabakiek jendearen eskaeren araberakoak izan behar dute.

Irango programa nuklearrak ere bai?

Ekonomian, zerbait nahi duzunean, aztertu beharra dago zein diren kostuak eta zein etekinak. Baina energia nuklearrari dagokionez, jendeak nahi du bakerako erabiltzea. Badirudi nazioarteko komunitatea onartzen hasia dela hori. Erlijio islamiarra eta Irango herria ez daude ados bonba atomikoak izatearekin, eta ez dute nahi energia atomikoa gai militarretan erabiltzea.

Baina aldarrikapen nazionala da orain, ezta?

Bai, jakina. Europak oso gaizki jokatu zuen. Ezezko biribila eman zion Irango gizartearen eskaerari, teknologia atomikoa izateko eskaera entzun eta onartu beharrean. Horrexek ekarri zuen herritarrak horren inguruan batzea. Europak esan dezake energia atomikoa ez dela kasu militarrerako erabili behar, baina ezin du nazio bat baztertu aurrerabide horretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.