Le Pen zigortu dute naziez esandakoagatik

Hiru hilabeterako espetxe zigorra eta 10.000 euroko isuna ezarri dio Frantziako hiriburuko auzitegiak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Naziek Frantzian egindako okupazioa «ez zen bereziki gizagabea izan». Frantziako FN Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiko buru ohi Jean-Marie Lepenek 2005ean egindako adierazpena ez zen oharkabean pasatu —haren alaba Marine da orain alderdiko burua—. Atzo, hiru hilabeterako kartzela zigorra eta 10.000 euroko isuna ezarri zion esandakoagatik Parisko Apelazio Auzitegiak. Halere, ez du kartzelara joan beharrik izango.

Epai horrek 2008an Parisko Auzitegi Zentzagarriak ebatzitakoa berretsi du, baina Le Penek iragarri du helegitea jarriko diola zigor epaiari. 2005eko elkarrizketa berean Gestapok «rol positiboa» jokatu zuela adierazi zuen, haren esanetan, 1944an Alemaniako ofizial batek Villeneuve d'Ascq herriko sarraskia geldiarazi zuelako. Dena dela, ez da Justiziak Le Pen bere adierazpenengatik zigortzen duen lehen aldia: 2005ean 10.000 euroko isuna jarri zioten etorkinen kontra esandakoengatik, 1998an arrazen arteko ezberdintasuna aldarrikatzeagatik, eta 1997an gas ganberak «historiako txikikeria bat» izan zirela esateagatik.

Sarkozyri babesa

Bestalde, Herve Morin Defentsa ministro ohiak iragarri du Eliseorako lehian ez duela parte hartuko. Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan Zentro Berria alderdiaren zerrendaburu gisa aurkeztekoa zen Morin, baina aurreratu du apirilaren 22an egingo duten lehen itzulian Nicolas Sarkozy egungo presidentearen hautagaitza babestuko duela.

Morinek aitortu du ez dela hautagaitza aurkezteko beharrezkoak diren 500 kargudunen sinadurak biltzeko gai izan —280 bildu ditu—. Gainera, inkestetan lortu dituen emaitza kaskarrak azaltzeko —boto-emaileen %1ak babesten du Morin— esan du krisi garaian zaila dela hautagai gazte berriak proposatzea —50 urte ditu berak—.

Hain zuzen ere, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak datorren asteartera atzeratu du 500 kargudunen sinadurak argitaratzeko eskakizunaren gaineko erabakia. FN eskakizun horren kontra dago, eta auzia argitzeko eskatu zion hilaren 2an kontseiluari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.