Marine Le Pen Frantziako Fronte Nazionaleko presidenteak euren "kontzientziaren arabera" bozkatzeko eskatu die gaur haren alderdiko jarraitzaileei, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako astebete baino gutxiago geratzen denean. Nicolas Sarkozy (UMP) edo François Hollande (PS) hautagaiei "konfiantza eta agintea" ematea baztertu du gaur, Parisen emandako mitinean.
"Zuek zarete herritarrak eta zuen kontzientziaren arabera bozkatuko duzue, aske", esan du Le Penek. "Ezer ez da lehen bezalakoa izango", ohartarazi du. Le Penen arabera, bi hautagaiak "sistema beraren bi aurpegi" dira, eta irabazten duena "egingo ez diren politikak" aplikatzen saiatuko dela uste du.
Fronte Nazionalaren erronka ekainean izango diren hauteskundeen ondotik Legebiltzarrera heltzea dela azaldu du FNko presidenteak.
Frantziako presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia igandean izango da. Aurrenekoan Hollande izan zen hautagairik bozkatuena, %28,63ko babesarekin. Sarkozyk %27,18koa erdietsi zuen. Hirugarren lekuan geratu zen Le Pen.
Eskuin muturreko boto-emaileak bihurtu dira bi hautagaien artean balantza alde batera edo bestera desorekatu dezaketenak.