Iragan urtarrilaren 30ean hauteskundeak izan eta sei hilabetera bere aurreneko bilera egin zuen atzo Irakeko Legebiltzarrak. Boz hauen ostean, herrialdeko bi indar politiko nagusiak bilakatu diren xiitek eta kurduek, haatik, ez dute oraindik gobernua osatzeko akordiorik lortu. Bi asteko epean hitzartuko dutela adierazi zuten atzo. Legebiltzarreko saioa egiten ari zelarik, bestetik, morteroak leherrarazi zituen Gune Berdearen kontra —bertan dago eraikina—. Eraso hauek ez zuten biktimarik eragin, erresistentziaren beste erasoetan, ordea, hamar bat lagun hil zen gutxienez atzo Iraken. Bakuban bost soldadu irakiar hil ziren, atentatu suizida baten ondorioz.
Irakeko Legebiltzarreko 275 diputatuak ordu eta erdi bat izan ziren bilduta atzo. Saioaren zeregin nagusia diputatu guztiek banan-banan zin egitea izan zen. Legebiltzarrak, sinadurak bildu ostean, baina, bere lehenengo saioa eten egin zuen, presidentea aukeratzeko bilera nagusia beste baterako atzeratuz. Irakeko jarduneko lehen ministro Iad Alauik saioa hasi eta berehala hitz batzuk esan zituen: «Demokraziaren eta askatasunaren atarian gaude».
Jalal Talabani buruzagi kurdua, berriz, ez zen lehen ministroaren iritziarekin bat etorri: «Irak egonkor bat ez da izango, herriaren osagai guztien arteko bat etortze batean ez bada eraikia». Talabaniren iritzian, baina, herrialdeak «egoera neketsuari» egin behar dio aurre, «ekintza terroristak» egiten dituzten bitartean: «Al Kaedak garbiketa gerra bat darama xiiten eta kurduen aurka».
Saddam Husseinen agintaldian kurduek jasandako jazarpenaren gertaera itzelenetako bat gogoan izan zuen atzo Legebiltzarrak. Biltzarkideek isilunea egin zuten sesioa abiatu ondoren. Kurdistango Halabja herrian gas toxikoak bota zituzten herritarren kontra 1998. urteko martxoaren 16an. Erasoan hil ziren 5.000 herritar kurduak izan zituzten atzo gogoan.
Legebiltzarraren aurreneko zeregina Konstituzioa moldatzea izango da. Kontseilu Nazionaleko buru Fuad Maasumek hauxe gaineratu zuen: «Irakeko herriaren osagai guztiek parte hartu behar dute lege nagusi honen moldaketan, herrialde federal, demokratiko, askotariko eta batua bermatzeko ituna izango baita». Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari Ashraf Kazik nazioarteko erakundea «hautetsi guztien alboan» izango dela adierazi zuen, «demokrazia eraikitzeko euren ahaleginetan laguntzeko». Kontseilu Nazionalak amaitu du bere lana.
Bagdaden dozena bat leherketa
Erresistentziak, bien bitartean, diputatuak aurreneko bilera egiten ari ziren bitartean mortero andana bota zuen gerizatuta dagoen Gune Berdearen kontra. Dozena bat leherketa aditu ziren baina eraso hauek, antza, ez zuten biktimarik eragin.
Iraken bestelako erasoak izan ziren atzo. Bakuban kontrol baten kontra atentatu suizida bat izan eta bost soldadu irakiar hil eta beste hamar zauritu ziren.
Bagdaden, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadako konboi baten aurrean bonba-auto bat zartarazi eta irakiar zibil bat hil eta beste 12 zauritu zituzten. Mosulen poliziaburu bat eta bi zibil hil zituzten eta beste lagun bat Hilan. Kirkuken 81 kurduren gorpuzkinak zituen hilobi komun bat aurkitu zuten.
Berlusconik erretiratzea berretsi du
AEBetako presidente George Bushek soldaduen erretiratzea izan zuen hizpide atzo. «Gure tropak etxeratu egingo dira irakiarrak euren burua zaintzeko gai direnean». Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair bat etorri zen Bushekin: «Erretiratu egingo gara, gure lana amaitzean eta ez lehenago». Bi agintariek moteldu nahi izan zuten Italiako gobernuburu Silvio Berlusconik herenegun iragarri eta atzo berretsi zuen informazioa, hots, irailetik aurrera 3.300 soldaduak etxeratzen hasteko asmoa. Berlusconik Londres eta Washingtonekin hitzartuta egingo duela erretiratzea agindu du.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Legebiltzarrak lehen saioa egin du koalizio gobernua osatu gabe.
Bagdadeko Gune Berdean mortero andana lehertu dituzte saioak iraun artean; Bakuban, bost soldadu irakiar hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu