Legebiltzarrari konfiantza botoa eskatzea proposatu dio Prodik presidenteari

Giorgio Napolitano Italiako buruak gaur erabakiko du zer egin, eskaera guztiak aintzat hartu ondoren

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Romano Prodik eta L'Union koalizio gobernua osatzen duten 16 alderdietako ordezkariek proposamen bateratua egin zioten atzo Giorgio Napolitanori, Italiako presidenteari. Legebiltzarrari «lehenbailehen» konfiantza botoa eskatzea Prodiren gobernuak aurrera egin dezan. Rinvio alle Camere Konstituzioak ematen duen aukeretako bat da, eta koalizioko kideek ziurtatu dute nahikoa boto dituztela Legebiltzarrean eta Senatuan konfiantza baiezta dadin. Gaur erabakiko du Napolitano presidenteak koalizioak eskatutakoa onartu edo ez.

Baina konfiantza botoa eskatu aurretik, koalizioaren artean adostasunera iritsi behar izan dute. Prodik baldintza batzuk jarri ditu joan den asteazkenean dimisioa eragin zuten gertaerak errepika ez daitezen, eta zentro-ezkerrak zentrora bidea hartu du.

Afganistanerako Italiak duen politikak sortu zuen krisia, eta lehen ministroak ezinbesteko jo du atzerri politikaren gainean koalizioak zituen egitasmoak onartzea. Gobernuak Afganistanen geratzea proposatu zuen Senatuan, eta hari helduko dio orain ere. Han dauden 1.900 soldaduren finantzaketa berriz ere proposatuko du, eta inolaz ere ez du haiek handik ateratzen duen planik proposatuko.

Egitasmo horien kontra botoa eman eta dimisioa eragin zuten koalizioko komunistak -Franco Turigliatto eta Fernando Rossi-, jokoz kanpo geratu dira eta Refundazione Comunista eta Italiako Komunistak alderdiek bi horien jarrerak kritikatu eta Prodirekin jarraituko dutela berretsi dute. Eta ez kritikatu soilik. Rossi bere alderdikide batek jipoitu egin baitzuen atzo trenean zihoala. Trenean eseri eta minutu gutxira Nino Frosini sartu eta berehala esan zuen haren ondoan ez zuela eseri nahi, eta Silvio Berlusconi itzularazteko saioa egin zuela leporatu zion. Corriere della Sera egunkariak eman zuen albistea, eta haren arabera, Rossik iraindu zuenean, Frosinik jo egin zuen.



IZATEZKO BIKOTEEN LEGEA. Komunisten geehiengoak, dena den, Gobernuan egoteko apustua egin du nahiz eta adostutakoen artean puntu labainkor gehiegorik badagoen.Izatezko bikoteei buruzko legeak ere zeresanik izan du. Hain zuzen, atzerri politikaren gainean Turigliattok eta Rossik emandako ezezkoarekin batera bizi osorako senatarien jarrerak ere ez zion mesede egin Prodiri, oso bestelako arrazoiengatik. Giulio Andreotti Vatikanoko zerbitzariak eta Sergio Pirinfarina enpresariak abstentzioaren alde egin zuten, eta Francesco Cossiga katolikoak kontra. Otsailaren 9an izatezko bikoteen inguruan Gobernuak onartutako legearekin ez zeuden ados eta zigortu nahi izan zuten. Prodiren taldeak orain legea atzera bota du adostu duten programan.

Legea Legebiltzarrean eztabaidatzekotan zen, eta besteak beste, elkarrekin hainbat denbora zeramaten bikoteentzat ezkonduen eskubide berak aitortzen zituen-homosexualak barne-, eta horrek sektore katolikoak sutan jarri zituen. Oraingo txostenean, berriz, familiaren baloreak sendotzeko konpromisoa hartu dute.

Atzerri politika eta izatezko bikoteen gaiez gain, Lyon eta Turin lotzen dituen abiadura handiko trena eztabaidarako gai izan da. Italiako Susa haranean proiektua geratzea lortu zuten, eta hasieratik ekologistak haren kontra altxa ziren. 1998an sabotaje ekintzak egin zituzten, eta hiru ekologista espetxeratu.Urtebetera horietako bi hilik agertu ziren euren ziegetan.

Energia berriztatzaileetan inbertsioak eta Italiako hegoaldean ekonomia sustatzeko planak dira, besteak beste, adostutako gainerakoak. Horiek denak onartuta, koalizioko alderdiek azpimarratu dute Prodi dela «pertsona egokiena Gobernuaren iritzia azaltzeko, baitabarruan desadostasunak daudenean ere».



ESKUINA, BANATURIK. L'Unioneko oposizioari, berriz, Romano Prodik gobernua errepikatzea ez zaio bidezkoa iruditzen, ez eta Legebiltzarrari konfiantzabotoa eskatzea ere, baina euren artean ez dira ados jartzen irtenbide bat topatzerako orduan. Liga Norte alderdiak berehala hauteskundeak egin daitezen eskatu du; UDCko kristau demokratek «pertsona egokiari kargua eman» behar zaiola uste dute; Alleanza Nazionalek «gehiengoak numerikoki nahikoa» izan behar duela pentsatzen du, eta gobernua taldez alda daitekeela -kopuruz gehiago dira eskuindarrak-, eta Forza Italiak eskatu du «onerako, porrot egin duen gobernu taldea ez dadila errepikatu», baina horri aurre egiteko ez du proposamenik egin.



Berlusconik sortutako hauteskunde sistemak harrapaturik

Hauteskundeak berriz ere egiteko aukerari buruz Liga Nortekoek hitz egin dute soilik. Gainerako alderdiak bat datoz esaterakoan hori baino lehen hauteskunde sistema aldatu behar dela, oraingoa zentzugabea delako. 2001ean Silvio Berlusconik erraz irabazi zituen hauteskundeak, baina 2005ean boterea arriskuan zegoela ikusirik, gehiengoaren sistema alde batera utzi eta kopuru konplexuetan oinarritutako sistema asmatu eta jarri zuen abian, gehiengoarekin Romano Prodik hauteskundeak irabaz zitzakeela ikusita. Talde handiei eta irabazleei mesede egiten die sistema horrek, baina Berlusconiri mesede egin beharrean kalte egin zion. Prodi sistema hari esker atera zen garaile, eta 25.000boto pasatxok gehiengo absolutua eman zion L'Unioni Legebiltzarrean. Senatuan, berriz, bi eserlekuren alde txikia. Legea egin zuen Roberto Calderoli Erreforma ministro ohiak publikoki onartu behar izan zuen gehiengo argiak saihesteko diseinaturik zegoela legea, eta «Prodiren kontra egiteko zerrikeria» zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.