Heriotza zigorra

Legezko hilketen lurraldean

Gary Haugen asteon hil behar zuten presoa eta beste 36 heriotza zigorretik libratu dira AEBetan, Oregongo gobernadoreari eskerEstatubatuarren artean babes handia du presoak hiltzeak, baina gero eta gutxiago

Gary Haugen presoa, epaitegira bidean, Salemen, joan den urrian. BERRIA / BERRIA.
New York
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Oregongo gobernadorea da John Kitzhaber demokrata, eta bera izan da heriotza zigorra aldi baterako bertan behera utzi duen azkeneko agintaria. Erabaki horrek berehalako eragina izan du herenegun hil behar zuten Gary Haugen presoarengan —neska-lagun ohiaren ama hiltzeagatik dago kondenatua—. Heriotza zigorra moralki ez dela zuzena esan du Kitzhaber gobernadoreak, eta «Oregonen indarrean dagoen heriotza zigorra, berdintasunez ez erabiltzeaz gain, ez da inpartziala, ez bidezkoa, ezta azkarra eta arrazoizkoa ere».

Horrela hitz egiteko, John Kitzhaber gobernadorea lasai ez dagoen seinale. Eta baditu zer pentsatua emateko moduko bi arrazoi. Izan ere, badaki zer den heriotza zigorra baimentzea: 1984. urteaz geroztik, Oregongo estatuan, heriotza zigorra berriro indarrean jarri zenez geroztik, bi preso hil dituzte, eta justu gobernadorearen aurreko agintaldietan: 1985 eta 1992, eta 1995 eta 2003 urteen artean. «Gobernadore modura hartu behar izan ditudan erabakirik zailenak izan dira. Azken hamalau urtean behin eta berriz gogoratu eta aztertu ditut».

Oregongo gobernadorearen oraingo erabakiarekin, heriotzaren korridorean dauden 37 presoek heriotzari ihes egitea lortu dute. Baina ez betiko: oraingoz, John Kitzhaber gobernadorearen agintaldia 2015ean amaitu arte. Ondoren, ikusi egin beharko da nor jartzen den haren lekuan, baina batez ere jartzen denak zer pentsatzen duen gaiari buruz.

Illinois, azkeneko estatua

Oregongoaren aurretik, Illinoisek hartu zuen heriotza zigorra bertan behera uzteko erabakia, urtearen hasieran. Hutsegiteen ondorioz, hamahiru preso heriotza zigorrera kondenatu zituztelako susmoagatik abiatu zuten prozesua estatu horretan. George Ryanek 2003an, orduko gobernadoreak, boterea utzi aurretik, 167 presoren kondenak aldatu zituen: presoei epea luzatu, eta heriotzaren korridoreak hustu zituen. Orduan hasitako bideak, ordea, gorabehera handiak izan ditu.

Hala eta guztiz ere, urte hasieran, Illinoisko Kapitolioak heriotza zigorra bertan behera uztea onartu ostean, gaur egungo gobernadore Pat Quinnen sinadura bi hilabete geroago etorri zen, eta uztailaren 1ean indarrean sartu. Hamabost presok jarraitzen zuten orain dela gutxi arte heriotzara kondenatuta, eta aldaketaren ostean, eta Quinn gobernadorearen aginduz, bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu dituzte, baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubiderik gabe. 1976tik, Illinoisen heriotza zigorra berrezarri zenetik, hamazazpi exekuzio izan dira. Azkenekoa Andrew Kokoraleisena, 1999an, 21 urteko emakume bat hil eta zatikatzeaz erruduna zela erabaki ondoren.

Eraginkortasuna, zalantzan

Balio al du jendea horrela hiltzeak? Betetzen al ditu bere helburuak? Radelet eta Lacock kriminologia elkarte garrantzitsuenetako presidenteek 2009an egindako ikerketan ondorioztatu zuten ez duela hilketen kopurua jaisteko balio, eta herritarrek ere hori uste dute (%88).

Urte berean, poliziaburuen artean egindako beste galdeketa batek zioen indarkeria krimenak jaisteko azken metodo atzera-eragilea dela heriotza zigorra, eta diru publikoa alferrik gastatzeko modua dela.

Justizia Departamentuak emandako datuen arabera, heriotza zigorrera kondenatutako presoen kopuruak behera egin du 1994az geroztik. Urte hartan 313 izan ziren, eta 2010ean, 112. Oraindik, dena den, kezkagarriak dira datuak. Gainera, ez dira denak errudun izaten, eta 1973az geroztik, heriotza zigorra jasota zeukaten 120 pertsona utzi dituzte aske, errugabeak zirela frogatu ostean. Baina errugabetzat jotzen zituztenek ere egin dute kontrako bidea. Auzitegian hiltzeko erabakia hartu eta exekutatu arte agonia luzea dute presoek, hamabost bat urtekoa. Heriotzaren zain,3.251 preso zeuden urtarrilean. [email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.