Israel

Lehen aldiz eraman dute Israelgo lehen ministro bat epaileen aurrera

Gaur hasi dute Benjamin Netanyahuren aurkako epaiketa. Ustelkeria eta iruzurra leporatzen dizkiote 2009tik Israelgo gobernuburu denari.

Benjamin Netanyahu lehen ministroa, epaitegian. RONEN ZVULUN / POOL / EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 23a
21:47
Entzun

Israelgo historian lehen aldiz, lehen ministro bat akusatuen aulkian eseri da gaur. Maskara aurpegian agertu da Benjamin Netanyahu auzitegian.

Saio laburra izan da gaurkoa. Epaileei esan die bere aurkako salaketak bera agintetik kentzeko ahalegin bat dira, kosta ahala kosta eginikoa. «Ni, hau da, eskuineko lehen ministro sendo bat, botatzeko beharra dagoenean, edozein gauza egin daiteke».

Salaketa irakurri duela eta ulertzen duela esan die epaileei, baina uko egin dio akusatuen aulkian esertzeari, kazetariek epaiketa aretotik alde egin arte, Israelgo hedabideek zabaldu dutenez.

Netanyahuk 70 urte ditu, eta horraino eramateko prozedura luzea izan da oso. Iazko azaroan haren aurkako karguak aurkeztu zituztenetik -ustelkeria, iruzurra eta uste onaren iruzurra-, hauteskunde bat, pandemia bat eta koalizio gobernurako akordio bat heldu dira.

Fiskaltzak hiru kasu hartu ditu kontuan Israelgo lehen ministroa auzipetzeko erabakia hartzeko orduan: lehena 4.000 zenbakia daraman auzia da, eta, horren arabera, Netanyahuk ustez Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematen zion, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.

1.000 zenbakia daraman auziaren arabera, jarduneko lehen ministroak eta haren familiak 230.000 euroren opariak onartu zituzten bederatzi urtez; tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, hobari fiskalak ematen zituen.

Azkenik, 2.000 izeneko auzian, egunkari baten mesedean aritzea leporatzen diote. Yedioth Ahronoth egunkaria Israelen irakurle gehien dituen egunkaria da, eta jarduneko lehen ministroak komunikabide horren aldeko legezko neurriak babestu zituen, bere irudiaren eta interesen aldeko informazioa zabaltzearen truke.

Netanyahuk berak beti ukatu izan ditu bere aurkako salaketak, eta bere aurkako «kolpe saiakera bat» egitea egotzi dio fiskaltzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.