Espainiako gobernabidea

Lehen bozketan ezezkoa nagusituta, larunbatean izendatuko dute Rajoy Espainiako gobernuburu

PPko presidentegaiak 176 diputaturen babesa behar zuen gehiengo absolutua lortzeko, baina 170ena lortu du. 18:30etan hasiko da bigarren bozketa egiteko saioa, larunbatean, baina ez dute 19:45 baino lehen bozkatuko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernua urratu izana egotzi dio Aitor Estebanek, eta Marian Beitialarrangoitiak baketzeaz hitz egitera gonbidatu du: "Esan ordua eta lekua".

Mariano Rajoy, inbestidura saioan. CHEMA MOYA / EFE
jon olano
2016ko urriaren 27a
07:54
Entzun

PPko presidentegaiak asteazkenean egin zuen hitzaldia, eta talde politikoak gaur aritu dira harekin eztabaidatzen. Lehen bozketan, ezezkoa jaso du Rajoyk, espero zen bezala; 170 diputatuk eman diote babesa, baina 180k bozkatu dute hura gobernuburu izendatzearen aurka. Larunbatean egingo dute bigarren bozketa. Hor gehiengo soila beharko du, eta, PSOEk iragarri ondoren abstenitu egingo dela, behar adina babes izango du Rajoyk.

Euskal alderdiek hartu dute hitza eztabaidan. EAJko diputatu Aitor Estebanek Rajoyri egotzi dio "behar duenean ere" ez jotzea elkarrizketara eta besteen akatsengatik izatea presidente. Hortaz, jarreraz alda dezala eskatu dio, batez ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeekiko. Estebanek gogorarazi du, asteon aurkeztutakoekin,  —Ertzaintzaren lan eskaintza publikoa eta Poliziaren Biktimen Legea—, jardunean dagoenetik Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko hamar arauren aurkako helegiteak aurkeztu dituela Madrilek, eta bestelako harremana izatea galdegin dio: : "Aitortza, aldebikotasuna, epaile neutrala".

Gai zehatzetan sartuta, leporatu dio LOMCEri buruzko iragarpenean ez duela ezer berririk esan, legean bertan jasotzen delako errebalidak 2018tik aurrera gainditzeko beharra, eta Euskal Herriko baketzean ez mugitzeagatik ere kritikatu du: "Zer egin duzu ETA desegin dadin?".

Bakegintzaz mintzatzera deia

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak, berriz, albiste txartzat jo du Rajoy presidente izendatzea. "Lehenago gorria apurtua baino" esamoldetik "lehenago urdina demokratikoa baino" esaldira igaro direla uste du, eta ezinezkotzat jo du Espainian aldaketa demokratizatzaile bat lortzea. Horregatik, azaldu du EH Bilduren lan ildoa izango dela aldaketa bilatzea horretarako "indar korrelazioa dagoen lekuan, Euskal Herrian". Bakegintzan, ordea, hitz egiteko gonbitea luzatu dio: "Esan ordua eta lekua".

Iñigo Alli UPNko diputatua pozik azaldu da "estatu zentzua gailendu" delako: "Politikak espektakuluari irabazi dio". Rajoy bat etorri da Alliren baieztapenarekin, eta eskerrak eman dizkio "herritarrei axola zaizkien gauzei buruz" hitz egiteagatik.

Estebani emandako erantzunean, elkarlanerako asmoa adierazi dio Rajoyk. "Foraltasunaren" alde azaldu da, eta PPren gobernuaren neurriek Araba, Bizkai eta Gipuzkoari on egin diotela azpimarratu du. Abiadura handiko trenaz hitz egin du, besteak beste: "Nahiko nuke AHTa amaitzea, baina 2011 amaieran inbertsioen %75 bideratzea falta zen, eta 2012tik 2.300 milioi bideratu ditugu. AHTa 2019rako amaituta egongo da. Jar gaitezen elkarlanean hori lortzeko". Bakegintzaren alorra minutu eskasean aipatu du: "ETA desegin dadila. Arrazoizkoa da hori eskatzea". Ordea, baketzeaz izan da Beitialarrangoitiari emandako erantzun bakarra: "Ados nago zauriak itxi behar direla, baina erantzukizun handiena duena zauriak sortu dituena da". Rajoyk galdegin dio EH Bilduk ETAri eska diezaiola desegiteko: "Irabazten al dugu zeozer ETAren existentziarekin? irabazten dugu ETA desegiten bada".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.