MUNDUA

Lehen ministroaren egoitza blokeatu dute Ukrainan

190 pertsona zauritu dira bart gaueko liskarretan, Kieveko Udalak jakinarazi duenez.

2013ko abenduaren 2a
10:47
Entzun

Hainbat lagun Ukrainako lehen ministro Nikolai Azaroven egoitza blokeatzen saiatzen ari dira Kieven, hura dimisioa ematera behartzeko. "Ez ditugu protestak etengo dimisioa ematen duen arte", esan du Alexandr Turchinov Batkivschina oposizioko alderdiko buruzagiak.

Independentzia plazan elkartu dira bart milaka lagun, eta barrikadak egin dituzte inguruan, poliziek plaza hutsaraztea saihesteko. Mila lagun inguruk blokeatu dute egoitzako sarrera, eta gobernuko langileak egoitzan ezin sartu daude. Kieveko Udalaren arabera, 190 pertsona zauritu dira bart gaueko liskarretan.

Poliziaren arabera, 150.000 lagunek parte hartu dute Independentzia plazako mobilizazioan, eta, hala, Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak EBrekiko elkartze akordioan atzera egiteagatik izandako protestetan jendetsuena izan da.

Iraultza Laranjaren itzala

Ukraina EBra gerturatzea nahi du oposizioak; Errusiaren menpekotasun historikoari ihes egitea. Egunotan nor baino nor gehiago ari dira Ukrainako bi joera nagusiak, 2004an Iraultza Laranjako protestekin gertatu zen bezala. Laster beteko dira hamar urte Ukrainako oraingo presidente Janukovitx kargutik kendu eta gobernu mendebaldezale batek botorea hartu zuela.

Errusiaren eragina deuseztatzeko lanean aritu zen gobernu hark bost urte iraun zuen, harik eta Janukovitx bera berriro presidente aukeratu zuten arte, alde txikiarekin. Julia Timoxenko orduko lehen ministroa atzean utzi zuen boto zenbaketan Janukovitxek. Orain kartzelan dago Julia Timoxenko, boterea gehiegikeriaz erabiltzea leporatuta. Gose greban dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.