Lehenbiziko ohartarazpena

Hungariak indarrean jarritako konstituzio erreforma auzitara eramateko aukera aztertuko du Bruselak

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
2010eko apirilean irabazi zituen Hungariako hauteskundeak Fidesz Gazte Demokraten Batasuna alderdi kontserbadoreak, oposizioko taldeei alde handia ateraz: botoen %52 eskuratu zituen, eta, horrekin, parlamentuko jarlekuen bi heren. Viktor Orban lehen ministro kargura itzuli zen zortzi urteren ondoren, erabat indarberrituta. Hungarian «ordena berri bat» sortzeko beharra aldarrikatu zuen, eta azken urtea nahi hori gorpuzten pasatu du, konstituzioaren erreformarekin. «Lana, etxea, familia, osasuna eta ordena» da erreforma horren goiburua. Oposizioko talde gehienek, kazetariek, eta kultura eta gizarte eragileek, baina, salatu dute Orbanek botere autoritarioa ezarri nahi duela, eta gogorrenek neofaxista izatea ere egotzi diote. EB Europako Batasunak urte honen hasieran utzi dio entzungor izateari, eta lehenbiziko ohartarazpena egin du: konstituzioak EBko legea urratzen badu, auzitara eramanen du Hungaria.

EBko estatu kide batek arau-hausteren bat eginez gero Europako Batzordeak auzibidea irekitzeko aukera duela erran du Olivier Bailly bozeramaileak, baina Hungariarekin hori eginen duten jakiteko «goizegi» dela zehaztu du. Hala ere, batzordea «arduratuta» dagoela erran du; bere «analisi legala» amaitzean erabakiko du zer egin, Baillyk azaldu duenez. Hungariak arau-haustea egin duela erabakiz gero, Europako Batzordeak bi hilabeteko epea emanen lioke «posizioa argitzeko». Erantzunak Brusela asebeteko ez balu, Budapestek bertze bi hilabete izanen lituzke onartutako legeak aldatzeko. Hori eginen ez balu, Europako Batzordeak EBko Justizia Auzitegira jo ahalko luke. Horrek zigor bat eta isunak ezar liezazkioke Hungariari.

Estatu egituraren aldaketa

Bruselaren ohartarazpena noraino ailegatuko den ikusteko dago, Hungaria EBko kidea baita, haren gobernua boz garbien bidez hautatua izan baita, eta konstituzioa erreformatzeko legeak parlamentu subirano batek onartu baititu. Guztira 30 arau onartu ditu Hungariako Parlamentuak. Horrekin, Orbanek estatuaren egiturak aldatu nahi ditu, lehen ministroaren ahalmenak gehituz. Estatuko presidentea, Konstituzio Auzitegiko eta Kontu Auzitegiko kideak eta Estatuko Fiskaltzak zuzenean hautatu ahal izanen ditu. Konstituzio Auzitegiak eta parlamentuko Aurrekontuen Kontseiluak, gainera, ez dute estatuko aurrekontuetan inolako eskumenik izanen, horiek gobernuaren erabateko kontrolpean geldituko direlarik. Hedabideen legeak ere zeresana eman du, edukiak kontrolatzeko eta zigorrak ezartzeko eskumena duen erakunde bat sortu baitu Orbanek. Hauteskunde legea ere aldatu du, Fideszen aldeko kalkuluen arabera banatzeko barrutiak.

Brusela urduritu duena, ordea, Hungariako Banku Zentralari eragin dioten erabakiak izan dira. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eskutitz bidez eskatu zion joan den hilean Orbani gibelera egiteko. Gobernuak zuzendaritzako zenbait kargu zuzenean hautatu nahi zituen, eta diru politikan eta interes tasen kontrolean eskumenak bereganatu. Horrek bankuaren «independentzia» urratuko luke —Europako Banku Zentralak ezarritako ezinbertzeko baldintza—. Orbanek aldaketaren bat egin dio bankuaren erreformari —zuzendaritzako karguak gobernuak hautatu beharrean parlamentuak hautatuko ditu—, baina funtsa aldatu gabe.

Errusiako ispilua

Vladimir Putinen estilora jokatu du Orbanek. Putinek Errusian egin bezala, Orbanek Hungariari «egonkortasuna eta ordena» ekarri diola aldarrikatu du. Lehen ministroak bultzatutako konstituzio erreforma berriz aldatzeko talderen batek parlamentuko bi heren lortu beharko ditu hauteskundeetan, eta, Errusian bezala, oposizioa hagitz ahulduta dago gobernuaren makinariari aurre egiteko. Itxaropena piztu du, baina, iragan astelehenean Budapesten protesta egiteko elkartu zen jendetzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.