2006ko Lehendakaritza hauteskundeetarako ezkerreko indarren hautagai eta lehiako faborito handia da Mexiko hiriko alkate Andres Manuel Lopez Obrador politikaria. Baina haren inguruko auziak hautsak harrotu egin ditu egunotan Mexiko herrialdean. Lopez Obradorren hautetsi immunitatea kentzea erabaki zuen herenegun Mexikoko Legebiltzarreko gehiengoak, PAN eta PRI eskuineko alderdietako biltzarkideen aldeko botoekin. Alta bada, Lopez Obradorri Justiziak egozten diona oso garrantzi gutxiko kontu bat dirudi, hau dela debeku bati saihets eginda, bide bat eginaraztea lur eremu batean.
«Ospitale batera daraman bide bat eginarazteagatik, nire hautetsi kargua eta immunitatea kendu eta espetxeratu egin nahi naute; hau iruzur egite politiko bat da eta baieztatuta egonez gero, Mexiko ez da zuzenbide estatu bat izango» aldarrikatu zuen Lopez Obradorrek, Legebiltzarra eztabaidatzen ari zelarik justiziak egindako immunitate kentzeko eskariaz. Haatik, Mexikoko Legebiltzarreko 360 diputatuk baiezkoa eman zioten immunitatearen kentzeari eta 127k, ostera, kontrakoa.
«Lehian parte hartuko dut»
Boto hau gertatu aurretik, Mexiko erdialdean bildu ziren bere 150.000 jarraitzaileren aurrean, baina, hauxe aldarrikatu zuen 2000. urteaz gerotik hiriburuko alkate karguan dagoenak: «Ziurtatzen dizuet, espetxean sartuta izanda ere, nire alderdiaren barne bozetan parte hartuko dudala, errepublikako presidentziarako hauteskundeetan lehiatzeko helburuarekin».
PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko kide izan ondoren, PRD ezkerreko Alderdi Iraultzaile Demokratikoaren sorreran parte hartu zuen 1989an. PRIko biltzarkideez gain, gaur egun boterean den Vicente Fox presidentearen PAN Batasun Nazionalerako Alderdikoek ere Lopez Obradorren immunitatea kentzearen alde boto egin zuten. Politika adituek diote PANek eta PRIk beldurra dutela Lopez Obradorrek presidentetzako bozak irabaz ditzan datorren urtean. Ezen, Mexiko hiriko bizilagunen %84k oniritzia dute udalean daraman kudeaketaz.
MEXIKO
Lehendakaritza bozetatik bazter gera daiteke Mexikoko alkatea
Legebiltzarrak kargutik kendu du, auzipetze eskari bat onartzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu