Lehengoratzeko beldurra

Egiptoko milaka lagunek laugarren egunez bete dute hiriburuko Tahrir plaza Junta Militarrari boterea lagatzeko eskatzekoHauteskunde Batzordeak bihar jakinaraziko du zein izango den hurrengo presidentea

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Egiptoko presidente berriaren izena bihar jakinaraziko dute ofizialki, baina ia ziurtzat jotzen dute Hauteskunde Batzordeak Ahmed Xafik joko duela irabazle. Hosni Mubarak presidente ohiaren lehen ministro izandakoak gidatuko du aurrerantzean herrialdea, Al-Ahram Egiptoko egunkari irakurrienak gobernuaren iturriak aipatuz azaldu duenez. Haren arabera, Hauteskunde Batzordeak Xafiki botoen %50,7 aitortuko dizkio. Dena dela, erabat aldrebestu da egoera, eta informazioa eta zurrumurruak nahas-mahas iristen dira. Joan den asteburuan hauteslekuetan lehiatu ziren bi hautagaiek euren burua garailetzat jo dute asteon, eta tentsioa gorenera igo da behin betiko emaitzak ezagutzeko esperoan. Azken lau egunetan Tahrir plazak iazko matxinadaren lehen egunetako itxura hartu du; herritarrak beldur dira iraultzarenak egin ote duen, eta bi eskari dituzte: bozen emaitzak garbiak izatea eta boterea militarren eskuetatik kanpo lagatzea.

Hain zuzen ere, «matxinada salbatzeko proiektu bateratu bat» aurkeztu zuten atzo Anaia Musulmanek eta beste hainbat mugimenduk: Al-Nur eta Eraikuntza eta Garapena alderdi salafistek, Apirilaren 6ko mugimenduak eta Iraultzako Gazteen Koalizioak. Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiaren arabera, Mohamed el-Baradei Bakearen Nobel saridunak eta Abdelmoneim Abdul Futuh presidentegai ohi islamistak ere babesten dute ekimena.

Joan den domekan bozkalekuak itxi zituztenetik, gaiztotu egin da egoera politikoa Egipton: batetik, Mubarak kartzelatik ospitale batera eraman dute, ustez osasun egoerak txarrera egin diolako, eta, bestetik, bi hautagaiek garailetzat jo dute euren burua, baina aldi berean iruzurra salatu dute. Mursik 220 helegite aurkeztu ditu, eta Xafikek 190. Islamistaren abokatuak botoak erostea leporatu dio aurkariari; Xafiken abokatuak, berriz, herrialdeko 27 barrutietatik hamalautan iruzurra egon dela salatu du, eta hautesleku askotan boto txartel ugari jada Mursiren hautagaitzaren gainean marka eginda zeudela. Bozen behin betiko emaitzen atzerapena helegite horiek aztertzeak eragin duela arrazoitu du Hauteskunde Batzordeak.

Azken finean, agintea islamisten esku ala jarraipenaren esku geratzea dago jokoan. Baina edozeinek irabazita ere, militarrek izango dute Egiptoko botere erreala, joan den asteburuko hauteskundeak baino bi egun lehenago egindako mugimenduari esker. Matxinadaren ostean hauteskundeen bidez aukeratutako legebiltzarra desegin zuten, diputatu batzuen aukeraketa sistema konstituzioaren aurkakoa izan zela argudiatuta. Horrela, botere legegilearen jabe egin dira, eta konstituzio berria idazteaz arduratuko den batzordea ere desegin eta euren neurrira osatutako beste bat sortzeko aukera daukate —oraingoa parlamentuak aukeratutakoa delako—.

Erantzun «gogorra»

Junta Militarrak, gainera, herrialdea zatitzea leporatu die orain Anaia Musulmanei, Hauteskunde Batzordeak egin aurretik eurek zenbatutako emaitzak argitaratzeagatik. Xafiken kanpaina taldeak ere herenegun argitaratu zituen emaitzak, baina militarrek ez diote ezer esan. Atzo bertan, «irabazle zilegia» izango dela uste duela adierazi zuen Xafikek. Tahrir plazan bildutakoei, berriz, mezu hau bidali zien: «Plazetako protesta horiek, izuaren kanpaldiak eta komunikabideen manipulazioa Hauteskunde Batzordea emaitza jakin bat ematera behartzeko saiakerak baino ez dira».

Bestalde, Junta Militarrak azaldu du errespetatzen duela «aberriaren interes gorenak errespetatzen dituzten manifestazio baketsuak egiteko eskubidea». Baina zehaztapen garrantzitsu bat ere egin dute militarrek: interes publikoei edo pribatuei eraso egiteko asmoa duen orori «gogor» erantzungo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.