ASIAKO ITSASIKARA

Lehentasuna orain kaltetuei laguntza ematea dela adierazi dute agintariek

Laguntza trabatzea leporatu dio Intermon Oxfam nazioarteko erakundeak Indiari; AEBetako presidenteak, bere aitak eta Bill Clinton buruzagi ohiak diru laguntzak eskatu dizkiete herritarrei

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Asia hego-ekialdea suntsitu zuen itsasikara izan eta astebetera, hildakoak gero eta gehiago dira. Indonesian, jadanik, 94.081 gorpu aurkitu dituzte, Sri Lankan 30.196, eta Indian, berriz, 15.160. Baina lurralde kaltetuetako agintariek ostiralean utzi zioten gorpuak zenbatzeari. Orain garrantzitsuena bizirik geratu direnei laguntzea dela esan zuten. Horretarako ere arazoak dituzte eskualde askotan, olatu erraldoiek errepideak suntsitu zituztelako.

Nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakundeei Nicobar eta Andaman uharteetara sartzen ez uztea leporatu zion atzo Indiari Intermon Oxfam nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeak. «Denbora igaro ahala, arazoak larritzen joango dira. Giza laguntza atzeratzen ari dira», salatu zuen Shaheen Nilofer Oxfamek India ekialdean duen bozeramaileak. Lehen ministroaren bozeramailearen arabera, ordea, soldaduek beren lana egiten dutenean joan ahal izango dira hara GKEak.Errefuxiatuak behar bezala tratatu ez izana ere leporatu zion Indiari Oxfamek. «Hildakoak ehorzteko ere aukerarik ez dute izan eta asko lur jota daude. Haiekin hitz egin beharrean, errefuxiatu kanpalekuetara bultzatzen dituzte», salatu zuen Niloferrek.Lurrikara txikiak izan ziren herenegun gauean bi uharte horietatik gertu. Handiena 6 gradukoa izan zen. Igandeko itsasikaraz geroztik, 85 erreplika izan dira Asia hego-ekialdean, gehienak inguru horretan. Lurrikarek kalterik eragin ez zuten arren, herritar askok etxetik kanpo egin zuten lo, beldurragatik.

Itsasikarak aurreikusteko sistema

Indiak eta Indonesiak itsasikarak aurreikusteko sistemak jarriko dituzte martxan. Sistema Pazifikoko herrialdeetan daudenen antzekoa izango dira. Datorren ostegunean Jakartan egingo duten nazioarteko bileran eztabaidatuko dute gaia. «Hondamendiak saihestea da gure helburua», azaldu zuen Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak.

New Delhik 28 milioi dolar bereiziko ditu horrelako sistema bat jartzeko. «Itsaso hondoan jarritako sentsoreak, itsasaldien adierazleak eta Indiako Ozeanoaren hiru dimentsioko ereduak erabiliko ditugu itsasikarak aurreikusteko», azaldu zuen Zientzia eta Teknologiarako Departamenduko idazkariak.Bestalde, Asiako tsunami-aren biktimei laguntza emateko eskatu zuten atzo George Bush AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, George Bush aitak eta Bill Clinton AEBetako buruzagi ohiak. 5.000 estatubatuar inguru desagertuta daude hondamendiaren ondorioz. Horretaz gain, kaltetutako herrialdeetan bizi diren 1,8 milioi herritarrek elikagaiak behar dituzte. Colin Powell AEBetako Estatu idazkaria Thailandiari iritsi zen atzo. Herrialde kaltetuetako buruzagiekin bildu eta ostegunean Jakartan egitekoa den bileran parte hartzea da haren xedea.AEBek 2.200 soldadu ingurueta giza laguntza bidali zituzten atzo Indonesiara. Armadako iturrien arabera, bakartuta dauden herrietara elikagaiak eta botikak eramatea izango da beren lana. Gorpuak bilatzeko lanak bost egunez luzatzea erabaki zuten atzo agintariek. «Desagertutakoak bizirik aurkitzeko aukera gero eta txikiagoa da. Bizirik daudenei laguntzea da orain egin beharrekoa», azaldu zuten Asiako Hego-ekialdeko Herrialdeen Elkarteko kideek.Thailandian hildakoak identifikatzeko laguntza eskatu zuten agintariek. Gorpuak lurpetik ateratzen hasi ziren atzo eta 300 hildako ingururen datuak oker zeudela ohartu ziren. Bestalde, Ban Nam Khen herrian (Thailandia) 5.000 pertsona bizi ziren eta 3.000 inguru hilda edo desagertuta daude.Herrialdetik ateratzea debekatu zien atzo Jakartak 16 urtez beherakoei, haur trafikatzaileek atzeman ditzaketelakoan. Hainbat iturriren arabera, trafikatzaileak nahasteaz baliatu dira haurrak bahitzeko.Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren esanetan, bost eta hamar urte artean beharko dira suntsitutako inguruak berreraikitzeko. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak 81 milioi dolarreko laguntza eskatu zuen haur kaltetuei laguntzeko. Kaltetuen herenak haurrak dira.

-

'SEIGARREN ZENTZUMENA'



 

Ez da basabererik hil hondamendian





Sri Lankako natur erreserbarik handiena harrapatu zuten abenduaren 26ko olatu erraldoiek. Ondorioz, turista ugari hil edo zauritu ziren. Ez, ordea, basabereak. Debbie Martyrrek tigreak kontserbatzearen alde egiten du lan, Sumatran, eta, haren esanetan, ez da harritzekoa basapiztiarik hil ez izana: «Animalia basatiek seigarren zentzumena dute horrelakoetarako, eta gizakiak baino lehen ohartzean dira arriskuaz». Animaliek oso entzumen ona dutela eta olatuak lurrera iritsi aurretik entzuten dituztela azaldu zuen Martyrrek. «Lurrikara edo erupzioak izan baino minutu batzuk lehenago, hegazti eta bestelakoak ihesean ikusi zituztela diote askok», gaineratu zuen. Hala ere, egun, zientzialariek ez dute «seigarren zentzumen» horren frogarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.