Zaila da jakitea Muammar Gaddafiren alde zenbat herritar dagoen, eta zenbatoposizioarekin. Agerian utzi dute agintariak eta haren familiak Txadeko mertzenarioen laguntzari baino zerbait gehiagori esker eusten diotela botereari. Baina lehenago edo geroago, buruzagiaren Libia amaituta dagoela pentsatu nahi du nazioarteak, eta, beraz, gerraren ondorengo garaiaz hitz egiten hasi da. Europako Batasuna beldur da Libia zatituta gera daitekeela, Gaddafiz harago Zirenaikan eta Tripolitanian leinuek historikoki ezberdintasunak mantendu baitituzte. Diktadoreak, azken batean, interes horien oreka mantentzeko trikimailuetan eraiki zuen gobernua, eta orain hori apurtuta geratu da.
Leinuen arteko jokoa mantentzea izan baita Gaddafiren boterea iraunarazi duen gakoa. Orain oposizioak sortutako Trantsizio Nazionalaren Kontseiluaren ustez, hala ere, leinuen osaera ez da nahikoa banaketa ondorioztatzeko, baina Libian leinuen antolaketak gizartearen marrazkiaren zizelkada mardulak ematen ditu. 140 leinuetatik 30ek egitura sendoa mantentzen dute, eta hiru lurraldetan banatuta daude: Tripolitanian, Zirenaikan eta Fezzanen. Kostaldeko leinuak Tripolitanian eta Zirenaikan banatuak daude —herritar gehienak han bizi dira—, eta bi guneetako leinuen jatorrien ezberdintasuna oraindik ere nabaria da. Gatazkan ere bi guneak dira baten eta bestearen gotorlekuak.
Zirenaikan hasi ziren matxinadak otsailean, petrolio putzuen lekuan, eta historikoki oso zaila egin zaie Tripolitaniako buruzagiei kontrolatzea, Gaddafiri ere bai. Zirenaikakoa zen Idris I.a erregea, Gaddafik boteretik kendu zuena 1969an. Horregatik matxinatuek erregearen aurpegia zeramatzaten banderak zabaldu zituzten Bengazi hartu zutenean.
Idris I.a erregea Islamaren forma kontserbadoreena praktikatzen zuten agintarien oinordekoa zen, eta gaur egun haren eraginak dirau Zirenaikan, besteak beste, Libiako Talde Islamiko Borrokalarian. Hori dela eta, Gaddafik borrokak piztu direnetik Al Kaedaren eragina leporatu dio oposizioari. Leinu txiki asko daude hor Gaddafiren kontra, botere gutxi izan dutenak.
Zirenaika denbora askoan Egiptora eta ekialdeko mundura begira egon da, eta Tripolitania, berriz, Mendebaldera eta Magrebera. Gaddafiren leinua historikoki ez da indartsua izan, ezta Italiako okupazioaren kontrako borrokan ere. Baina garai hartan utzi zitzaien leinu horretako kideei armadan eta Polizian parte hartzen, eta txanpa horri heldu zion. Armadaren aire indarretan hezi zen, eta horrexegatik gaddafak botere handia dauka sektore horretan.
Leinu handiekin aliantzak
Bere leinuko buruzagiak zaindu ditu bereziki, segurtasun indarretako buruzagitza neurri handi batean haien esku utzita, baina haren botere egituraren oinarria azken lau hamarkadatan herrialdeko bi leinu handiekin egindako aliantzetan egon da: uarfalarekin eta magariharekin. 1977an bere Jamahirija sozialismo arabiarraren zeinua aurkeztu zuenean helburuetako bat zen leinuen ikuskera zaharkituarekin amaitzea eta nortasun nazionalean sakontzea, baina leinuen boterearekin ez du apurtzerik izan.
Uarfala da Libiako leinurik handiena, eta Tripolin eta Bengazin daude. Gaddafa leinuarekin boterean ia urte guztietan egon dira, baina oraingoa ez da bien arteko lehen haustura. 1993an, Uarfalako 55 ofizial estatu kolpea ematen saiatu ondoren, Gaddafik gogor erantzun zuen, baina elkarrekin jarraitzeko asmoz, leinuen arteko gisa horretako gertaerak saihesteko «ohorezko kodea» jaso zuten lege batean. 1997an onartutakoak esaten du inor oposizioarekin joanez gero haren leinuko edota familiako kideek zerbitzu zigor kolektiboa jaso dezaketela. Joan den otsailaren 20an, protestak hasi eta gutxira, Uarfala leinuko zaharren talde ezagun batek komunikatua zabaldu zuen Gaddafi kondenatuz, eta baita haren leinuko kideak ere. Warfalako kide asko daude armadan, eta orain oposizioan. Bengazira alde egin dute gehienek.
Magarihak, berriz, agintariaren alde jarraitzen dute. Leinu horretakoa da Abdula al Sanussi koronela, Libiako Segurtasun Erakundearen buruzagia, eta indar handia dute armadan.
Gainerako leinu garrantzitsuek kokagune geografikoaren araberako hautua egin dute, baina badira herritarrak, erregimenaren alde edo kontra leinuen gainetik borrokan dabiltzanak. Horien indarra neurtzen ari da nazioartea, ikusteko zenbateraino den larria Libiaren biko banaketa.
Protestak herrialde arabiarretan
Leinu zaharrak egoera berrian
Gaddafi joanda ere historikoki Zirenaikan eta Tripolitanian izan diren ezberdintasunek etorkizunean irauteko arriskua dago; agintariak leinuen arteko orekan oinarritu zuen boterea, eta orain hautsita geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu