Lekukotza. Aitor Bikandi: "Zerengandik babestuko du zapalduta bizi den biztanleria bonbardatzeak?"

Hebronen dago Aitor Bikandi, Askapenako kidea. Han duten egoeraren berri eman dio BERRIAri.

2014ko uztailaren 10a
17:00
Entzun

"Atzo bertan soldaduek eman zidaten jipoia egoeraren adierazgarri da. Gaueko ordu batean, Hebrongo Tel Rumeidan auzoan bizi naizen palestinarren etxera bueltatzen ari nintzela, 25 bat metrotara egon ohi diren soldadu talde batek, oraingoan bost militar, geldiarazi, identifikatu, arakatu, telefonoan nituen argazki guztiak ezabatu, eta, propina bezala, egurtu egin ninduten. Ilegala den arren, atzerritarrekiko erantzukizuna poliziarena baita, ez militarrena, ez zuten zalantzarik izan; egoera ezin hobea zen: gaua, inor ere ez kalean, lekukorik ez... Benetan Israelen politika faxistaren adierazgarri.

Hebronera heldu nintzenetik, nire familia palestinarrak militarren miaketa eta kolonoen pare bat eraso pairatu ditu. Horietatik txarrena hiru kolonoen gorpuak aurkitu zituzten egunean jazo zena izan zen; kolono talde batek, etxeko gunearen sarreran agertu, eta jokabide erasokorra adierazi zuen gure kontra. Ohikoa den bezala, soldaduen babes eta laguntza zuten; beraz, oso egoera deseroso eta biolentoa sortu zuten.

Okupazioaren efektu eta ondorioak handiagotu egin dira. Lehendik larria zen egoera. Hiru kolonoen ustezko bahiketaren ondorioz, eta bereziki hilda topatu zituztenetik, askoz erasokorrago jokatu dute bai kolonoek eta baita soldaduek ere. H2 gunean —militarki Israelek kontrolatutako bizi naizen Hebrongo hirigunean— egoera asko zailtzeaz aparte, H1 gunera ere —Palestinako Autoritatearen agintepekoa— sartu dira militarrak. Bereziki azkenengo bost gauak izan dira zaratatsuak, hirian zehar hedatu diren liskarrengatik.

Hainbatetan itxi dituzte hiriko sarrera eta irteerak, eta orokorrean zigor kolektiboaren neurriak geroz eta gogorragoak izaten ari dira. Aipamen berezirik egin behar bada, gogora ekarri behar dira Hebronen Halhoul auzoko 15 urteko Mohammad Dudeen gaztea eta hiru kolonoak hilda aurkitu eta gero Halhoul auzoan zigor bezala eraitsitako familien etxeak. Baina, horietaz aparte, Palestina osoan milaka adibide daude.

Atxiloketa, miaketa, eraso eta jazarpenaz aparte, tristea da bertakoentzako ohikoak eta normalak diren F16 gerra hegazkinak entzun ahal izatea, edota gauean dronak entzun eta batzutan ikusi ere egitea. Jazarpena eta jagoletza modu guztietan eta momentu oro ematen da. Palestinako egoeraren adierazgarri, berriz ere, Hebronen gertatzen dena.

Gazako erasoaldiak beste maila bat ezarri du azken asteetako gertakarietan, eta oraindik oroimen kolektiboan hain gertu dagoen 2009ko Berun urtua operazioa bezain izen beldurgarria hartu du oraingoak. Hegi babesgarria... Zerengandik babestuko du zapalduta eta irteerarik gabeko etengabeko erasoan bizi den biztanleria bonbardatzeak?

Egia babestea ez da helburua, eta are gutxiago palestinarren artean eraikita dagoen sare telematikoa kontuan hartuta: gertakariaren txokoa edozein dela, sare sozialetan oinarritutako berrien sare eraginkor eta azkarra esku trebeekin maneiatzen dute. XXI. mendeko oldartze-armak. Nazioarteko komunitatea erraz zorabiatuko du, baina Israelek ez du zer eginik herri palestinarraren barne kohesiaren aurka.

Gazako erasoak gertakari larriagoetara eraman gaitzakeen sentsazioa hedatuta dago, logikoa den bezala. Azken bost egunetan Hebronen egon diren liskarrak Gazako erasoak berpiztu ditu. Ezagunak zaizkigun enfrentamendu asimetrikook Mohammed Abu Khdeir-en erailketak —Ekialdeko Jerusalemeko Suhafat auzoan bahitu, torturatu eta erretako 16 urteko gazte palestinarra— eragindakoaren jarraipena da.

Eragindako anabasaren ondorioak baliatu ditu Israelek Gaza berriz ere bonbardatzeko, gizakien artean maila bi ezarriz: baliagarriak diren israeldar juduenak, eta hutsaren hurrengoa diren arabiarrenak. Horrela sentiarazten dituzte palestinarrak egunero. “Batasun gobernu teknokratikoaren” beldurrez, hots, palestinarrak bat egiteko aukeraren beldurrez, geroz eta jasanezinagoa egiten ari den egoera eragin dute apartheid egoeraren sustatzaileek. Oraindik ere palestinarren artean inork ere ez du sinisten hau guztia nolabait hasi zuen bahiketen istorioa; Zisjordaniako gobernua ere ez dabil oso trebe sinisgarritasun krisia kudeatzen, eta biztanleriak Abbasen kolaboratzaile papera geroz eta gehiago salatzen du.

Erasoaldi honek bi esparrutan egin du aurrera: esparru militarrean eta komunikabideen esparruan. Batetik, legitimazioa bermatze aldera, afektibotasun eta gizatasunari heldu dio Netanyahuren gobernuak, nazioarteko komunikabideak bidelagun izan dituela. Bestetik, eta aurrekoarekin estuki lotuta, militarizazioa sendotu da lurralde osoan, kaleko presentzian, presioan —miaketak, atxiloketak, jipoiak eta oro har jazarpena areagotuz—, baita israeldar eta kolonoen artean gorrotoaren arrazoibidea eta arabiarren kontrako erasoak bultzatuz ere. Eraso horiek, hain zuzen, maila altuan areagotu dira: Hebrongo kolono batek 9 urteko neskatxa bat autoz harrapatu zuen; modu berean, Haifan hildako bi egon dira; Jerusalemen, manifestazioak Death to arabs lelopean; eta arabiarren kontrako ekintzak 1948ko lurraldean non-nahi...

Mohammed Abu Khdeirren kasua izan da palestinarren aldean oihartzunik handiena izan duen gertakaria. Ekialdeko Jerusalemeko Suhafat auzoko 16 urteko gazte bat bahitu, torturatu, gasolina edatera behartu eta erre egin zuen israeldar talde batek. Horrek eragin zuen Hebronen eta beste leku batzuetan oldarraldiak berpiztea, eta komunikabideek honelako gertakerienganako arreta antzematean, Israelek bestelako bultzada eman behar izan dio gatazkari, behar bezalako terroristen kontrako operazioa, hegia, maldatik behera oztopo egiten dion oro bota ahal izango balu bezala.

Sarraskiak ustezko helburu militarrak erdietsiko ditu, baina etika eta moralaren gerra-zelaian irabazle argia dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.