Ibilbide politiko ziurgabea du Venezuelako oposizioko kide Leopoldo Lopezek. Kargu publikoetan lan egitea debekatu dio Venezuelako Auzitegi Gorenak, kontra eginez Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiak hartutako erabakiari. Gorenak dioenez, ezin du Venezuelako Kontu Epaitegiak egindako auziaren aurka egin. Epaitegiak ustelkeriaz akusatu zuen Lopez 2008an, Chacaoko alkatea zenean, eta 2014 arte kargu publikoak betetzea debekatu zion.
Venezuelako Auzitegi Goreneko presidente Luisa Moralesek adierazi du ezin dutela Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiaren nahia bete. Moralesen esanetan, auzitegiaren erabakia administratiboa da, eta beraz, ez du inolako eskubiderik urratzen: «Lopezi ezarritako zigorrak ez dio oztoporik jartzen hauteskundeetan hautagai izateko. Erabakiak Konstituzioko eskubide politikoak bermatzen ditu».
Lopez 2012ko hauteskundeetan hautagai moduan aurkeztu daitekeen arren, auzitegiak ez ditu adierazi ondoren hartu beharreko pausoak. Moralesen hitzetan, erabaki hori dagokion unean hartuko dute: «Egoera hori hipotetikoa da, eta beraz, auzitegiak ez du adierazpenik egingo oraingoz».
Bestalde, oposizioko kideak adierazi du 2012ko hauteskundeetara aurkezteko asmoa duela. Haren ustetan, Venezuelako presidente Hugo Chavezek auzitegiaren erabakian eragin du: «2008 urtetik hona, ni politikatik aldentzeko ahaleginetan ibili da Chavez». Horrez gain, Batasun Demokratikoaren Mahaieko oposizioak esan du auzitegia behartua dagoela Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiaren erabakia betetzera.
Globovisioni zigorra
Venezuelako gobernuak 1,5 milioi euroko zigorra jarri dio Globovision telebista kateari, ekainean kartzeletan gertatutako istiluez informatzean «terrorismoaren apologia» egin izana salatu ondoren. Zigorraren eraginez, seinalea bertan behera utziko dute denbora batez.
Leopoldo Lopez Venezuelako oposizioko kideak ezingo du kargu publikorik bete
Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiaren erabakia atzera bota du Auzitegi Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu