Goizean Frantzia hego-ekialdean izan den erasoa "atentatu terrorista" izan dela baieztatu du Frantziako presidente François Hollandek. Goizeko hamarrak baino minutu batzuk lehenago, leherketa bat izan da Air Products izeneko gas enpresan. Ondorioz, hamar lagunetik gora zauritu dira.
Leherketa eraso jihadista bat izan dela zabaldu da berehala. Izan ere, leherketa gertatu den lantegiaren sarreran lepoa moztuta agertu da gizonezko bat.
Polizia informazioen arabera, auto batekin sartu da, gutxienik, gizonezko bat; autoak gas bonbonen kontra egin du talka. Hollandek zehaztu duenez, erasoarekin gas lantegia lehertaraztea bilatzen zuten erasotzaileek.
Ikerketa terrorismoaren kontrako poliziaren eskuetan dagoela esan du Frantziako presidenteak. Ikerketa horien arabera, erasoa "beharbada" bi lagunek egin dutela adierazi du. Gaur 15:30etarako urgentziazko Defentsa Kontseilua deitu du, eta Bruselako goi bilera albo batera utzi eta Parisera itzuliko da presidentea erasoaren ondorena kudeatzera.
Ustezko erasoitzaile bat, atxilotuta
Erasoa izan eta berehala ustezko erasotzaile bat atxilotu dute. Saint-Quentin-Fallavier bertako Le Dauphiné tokiko hedabidearen arabera, erasoa egin duenean, Daesh-eko kide zela esan du, eta eskuetan Estatu Islamikoaren banderak zeramatzan. Beste zenbait hedabideren arabera, arabiarrez idatzitako ohial bat utzi dute lepoa moztu dioten gizonezkoaren alboan.
Lyondik 25 kilometrora dago erasoa izan den industria gune handia. Polizia zientifikoa tokian da erasoa ikertzen, eta segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte indarrean inguru horietan.