Libano hegoaldean borrokak izan dira, eta Beiruten autobus bati eraso diote

Sidon ondoko Ein el Hilue iheslari gunean gutxienez lau pertsona hil dira igande gauaz geroztik

2007ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Libanoko iparraldean, Nahr el Bared palestinar iheslari gunean elkarren kontra borrokatzen segitzen dute Al Fata-Al Islam talde islamista transnazionalak eta Libanoko armadak. Gunean geratzen diren milaka palestinarrek ere erasoak pairatzen dituzte. Erasoak hegoaldera zabaldu dira, eta beste talde islamista jihadista batek, Jund al Shamek (Ekialdeko Soldaduak), armadari granadaz eraso zion herenegun gauean Sidon ondoko Ein el Hilue errefuxiatu gunean. Atzo ere borrokak izan ziren. Igandetik guztira lau pertsona hil dira, tartean bi soldadu eta bitartekari lanetan ari zen Usbat al Ansar talde islamistako kide bat. Mediku iturrien esanetan, sei soldadu eta bi zibil zauritu dituzte gunearen sarreran.

Horrez gain, Beiruteko Sad al Baushrie industria eremuan aparkatuta zegoen autobus batean jarritako bonba bat lehertu da. Polizia iturrien arabera, inguruan zebiltzan hamar lagun zauritu dira.

Ein el Hilueri dagokionez, hau da Libanoko errefuxiatu gunerik handiena eta 70.000 bat palestinar aterpetzen ditu. Azken urteotan tarteka tiroketak eta borrokak izan dira han nagusi den Al Fata talde laikoaren eta Usbat Al Ansar edota Jund al Sham talde islamisten artean. Joan den astean ustez Jund al Sham taldeak Al Fatako buru bat hiltzen saiatzean piztu ziren tiroketak, bi taldeon artean.

Usbat al Ansar taldearen zatiketa da Jund al Sham, eta ekintzaile palestinarrez gain, libanoar batzuk ere baditu. Poliziak bi talde horietako kideak bilatzen ditu eta urteotan hilketa batzuk leporatu dizkiete, baina 1969ko Kairoko Akordioa dela eta, ez Polizia ez armada ezin dira errefuxiatu gune palestinarretan sartu. Ekintzaile horiek babes moduan erabiltzen dituzte errefuxiatu guneak. Adituen ustetan, Usbat al Ansarrek (Partisanoen Liga) 300 bat kide ditu eta Jund al Shamek 50 bat.

Al Fatak Libanon duen buruzagi militar Munir Makdak bart azaldu zuen Jund al Shamen eta soldaduen arteko borroka «behin-behinean» gelditu zela eta «lasaitasuna» zela nagusi.



NAHR EL BAREDERAKO LAGUNTZA. Joan den maiatzaren 20an Tripolin piztutako eta ondoko Nahr el Bared errefuxiatu gunera zabaldutako borrokek ez dute oraingoz bukaerarik, eta herenegun Al Fata-Al Islam taldeko buru batek adierazi zuen «ondo hornituta» daudela eta bi hilabetez eusteko moduan direla. Orotara 120 bat lagun hil dira, horietako asko zibilak.

Gunetik ihes egin duten errefuxiatu palestinarrei laguntzeko 12,7 milioi dolar emateko eskatu dio NBEk nazioarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.