mikel rodriguez

Libanok Siriako matxinoei armak zeramazkien ontzi bat atxiki du

2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Hilaren 12tik teorian su-etena indarrean dago Sirian, baina bi aldeek egunero salatzen dituzte bertze aldeak erasoak egiten dituela. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak egiaztatutzat jo du menia ez dela betetzen ari. Azken egunetako salaketek, gainera, erasoak gogortu egin direla diote. Atzo, adibidez, matxinoek armadari itsasoz eraso ziotela salatu zuen Siriako Gobernuak. Gainera, Libanok jakinarazi du Siriara armak garraiatzen zituen itsasontzi bat atxiki duela. Arma horiek matxinoentzat zirela adierazi du Beirutek. Siriako Gobernuak behin baino gehiagotan salatu du inguruko hainbat herrialde oposizioari armak saltzen ari zaizkiola eta horrek bake plana urratzen duela. Oposizioaren arabera, baina, su-etena indarrean paratu zenetik ia 500 lagun hil dituzte estatuko indarrek. Egoera horren erdian ailegatzekoak dira bihar NBEren 300 kasko urdinen misioko lehen 30 behatzaileak. Oraingoz, hamabortz kasko urdin daude Sirian.

Horien artean dago Robert Mood Norvegiako armadako jenerala. Hura hautatu du Unsmis Nazio Batuen Siriarako Gainbegiratze Misioko buruzagi Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Al-Assaden eta oposizioko taldeen arteko konfiantza eza «muturrekoa» dela erran du Moodek.Unsmisen helburua da Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziaren sei puntuko planaren ezarpena bideratzea. Plan horretan biltzen dira bi aldeen arteko su-etena, armada hirietatik erretiratzea eta gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa hastea.

Siriatik datozen berriek, ordea, bakea urruti kokatzen dute. Libanoko armadak jakinarazi duenez, herenegun Egiptoko Alexandria hiritik ateratako itsasontzi bat atxiki zuten Libanoko itsasoan. Al-Manar telebista katearen arabera, berriz, itsasontziak hiru edukiontzi zituen, eta horietan arma astunak ere garraiatzen zituen. Merkantzia hori Siriako Armada Askea oposizioko taldearentzat zela diote Libanoko iturri ofizialek. Herrialde horretako NBN TV telebistaren arabera, armadak ez ezik, Unifil Libanoko Nazio Batuen misioko indarrek ere parte hartu dute operazioan. Libano iparraldeko Tripoli hirira joatekoa zen itsasontzia, baina atzo Selaatako portura eraman zuen armadak, Beirutetik 50 kilometro iparraldera.

Libia SNCren aliatu fidelena

Zeresana eman duena, ordea, ontziaren jatorria da. Libanoko iturrien arabera, ontziaren jabea Siriakoa da, eta Sierra Leonako bandera du. Jatorriko portua, ordea, Libian zuen itsasontziak, ez Egipton. Horrek Muammar Gaddafiren ondorengo erregimenera begira paratu du Damasko. Izan ere, Libia da SNC Siriako Kontseilu Nazionala Siriako aginte legitimo bakartzat onartzen duen munduko herrialde bakarra.

Hain zuzen, Siriaren aliatu nagusiak, Iranek, matxinoei armak helarazten dizkieten herrialdeak kritikatu ditu. Atzerri Ministerioko aholkulari Hussein Amir Abdullahianek «siriar errugabeen» heriotzen «konplize» direla erran du, herrialde zehatzik aipatu ez badu ere. Armak bidaliz eta «terroristak lagunduz», «etekin bereziak» lortu nahi dituztela salatu du Abdullahianek. Persiako golkoko herrialdeak agertu izan dira Siriako Armada Askeari armak ematearen alde, bereziki Qatar eta Saudi Arabia, eta Damaskok ere haiei egozten die matxinoei laguntza ematea.

Sirian bertan, berriz, iturri ofizial batek Sana estatuko agentziari jakinarazi dionez, «terrorista» talde bat itsasoz Mediterraneoko kostako Latakia probintzian sartzen saiatu da, Turkiako mugatik 30 kilometro hegoaldera. Ustezko erasotzaileak txalupa puzgarrietan hurbildu dira, eta soldaduekin tiroka aritu dira. Sanaren arabera, hainbat ekintzaile eta militar hil dira tiroketan, baina ez du zehaztu zenbat. Ustezko erasotzaileak zenbat ziren ere ez du adierazi, baina tiroketaren ondoren ihes egin dutela erran du. Matxinoek itsasoz eginiko erasoen lehen berria izan da atzokoa.

Errusiak kritikak oposizioari

Hungariako Gobernuak jakinarazi duenez, herrialde horretako bi lagun bahitu dituzte Sirian. Hungariako hedabideek diotenez, «pertsona armatuek» egin dute bahiketa, baina ez dute zehaztu Siriako zein partetan izan den. Hungariako bi herritar horiek lanean ari ziren Sirian.

Errusia, hain zuzen, gogor mintzatu da oposizioko talde armatuen aurka. Herenegun egindako atentatuak gaitzetsi ditu, bereziki Damaskoko eraso suizida. Erasoen helburua «argia» dela erran du Moskuk: «Jada aplikatzen hasi den Annanen planean oinarritutako irtenbidea zapuztea». EB Europako Batasuneko diplomazia buru Catherine Ashtonek, ordea, Siriako Gobernuari egotzi dio Annanen plana urratzea. Oposizioaren arabera, herenegun 21 lagun hil zituen armadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.