Libanoko Armadaren eta ekintzaile palestinarren arteko borrokak gaiztotzen ari dira. Tripoli ondoan, Nahr al-Baredeko iheslari palestinarren eremuan kokatzen ziren orain arte, baina Libano hegoaldeko Ain al-Hiluekora zabaldu dira orain, Sidon ondora.
Iturri ofizialen arabera, Jund Al-Sham talde armatu palestinarreko kideek Libanoko soldaduei eraso zieten atzo errefuxiatu gunearen mugetan, eta Armadak erantzun egin du. Gutxienez Libanoko bi soldadu hil dira liskar horietan. Ekintzaile palestinarrik edo iheslari gunean bizi den zibilik hil edo zauritu den ez dute argitu. Libanoko palestinarren eremu jendetsuena da Ain al-Hilue.
Jund Al-Sham taldeari dagokionez, Nahr al-Bareden oldartu den Al Fata-Al Islamekin harremanak dituela diote iturri ofizialek. Batetik, antzeko aldarrikapenak egiten dituztenez lotura ideologikoak izatea egozten diete; bestetik, talde bietako zenbait buruzagik famili harremanak dituztela azpimarratu dute Libanoko agintariek.
Borrokak Ain al-Hiluera zabaldu diren arren, Nahr al-Bareden ez dira baretu, eta Libanoko Armadak eremuari eraso egiten jarraitzen du "ekintzaileen kontra". Baina giza laguntzarako zenbait taldek nabarmendu dute zibilak direla gatazka hori benetan ordaintzen ari direnak. Hala, milaka lagun leudeke Nahr al-Baredetik ezin ateratara, urik eta behar besteko elikagairik gabe. Iheslari eremutik ezin aterata dauden asko zaharrak dira gainera.
Mundua
Libanoko Armadaren eta ekintzaile palestinarren arteko borrokak beste gune batzuetara zabaltzen hasi dira
Sidondik hurbil dagoen Ain al-Hilue eremuan hasi dira orain borrokak, eta gutxienez Lilbanoko bi soldadu hil dira liskarretan. Iturri ofizialen arabera, Jund Al-Sham taldekoak dira iheslari gune horretan soldaduen aurka oldartu diren ekintzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu