Libanoko Gobernuaren dimisioa lortu arte kaleko mobilizazioekin segituko dutela berretsi zuen atzo Hezbola mugimenduak -alderdi politikoaz gain, gerrilla ere badu-. Hezbolak eta honen aliatu xiita zein kristauak, Amal eta FPM Fronte Patriotiko Askean bilduak,bigarren protesta eguna zuten atzo Beiruteko erdigunean. Herenegun ehunka mila pertsona bildu zituzten Fuad Siniora lehen ministroaren dimisioa eskatzeko elkarretaratzean. Hain justu, haren bulego ondoko plazan milaka libanoarrek kanpalekua ezarri zuten. Siniorak, ordea, dimisioari uko egiten segitzen zuen, Legebiltzarraren babesa duela argudiatuta. «Arazoa konpontzeko modu bakarra denok mahai baten inguruan eseri eta gure ikuspuntu ezberdinak eztabaidatzea da», esan zuen.
Ekintzaileek ur biltegiak eta komun eramangarriak kokatu zituzten lehen ministroaren egoitzaren ondoan, eta protestagileei ogitartekoak, tea eta kafea banatu zieten. Gaua dendetan igaro zuten gazte batzuek egunkariak irakurtzen, kartetan jokatzen, musika jotzen edota nargile ur pipak erretzen igaro zuten goiza, protestei berriz ekin aurreko ordu lasaietan. Geroago, Hezbolako diputatu Ali Ammarrek adierazi zuen atzoko protestaz gain «bestelako ezusteak» prestatuta zituztela.
Siniora buru duen gobernuari Mendebaldearen -nagusikiAEBak, Frantzia metropoli ohia eta Europako Batasuna- esanetara makurtzea eta Israelek Libanoren kontra iragan uztailean hasi zuen gerraren aurrean ahul jokatzea leporatzen diote Hezbola, Amal, FPM eta hauen aliatuek. Hauek Siriaren aldekoak dira. Gainera, Gobernuaren jardunarekin ados ez zeudenez, azaroaren hasieran Amaleko hiru ministroak, Hezbolako biak eta Jakub Sarraf independenteak (kristau greziar ortodoxoa) dimisioa eman ondoren «zilegitasunik gabeko» irizten diote Gobernuari. Izan ere, Konstituzioaren arabera, Libanoko 18 komunitateetako ordezkariak egon behar dira Gobernuan, eta orain xiitek ez dute ordezkaritzarik.
Hezbolak eta bere aliatuek kabinetearen heren baten kontrola izatea exijitzen diote Siniorari, Gobernuaren erabakietan beto ahalmena izateko adina. Komunitate musulman xiitak populazioaren %40 osatzen badu ere, diputatu eta ministro banaketan ordezkaritza txikiagoa du. Gainera, batasun nazionaleko gobernua eratzeko eskatzen dabiltza Amal, Hezbola eta Michel Aoun jeneral ohi kristau maronita buru duen FPM. Hauteskunde legea erreformatu nahi dute, besteak beste.
Israelgo armada joan den uztailean Libano osoari -baina batez ere hegoaldeari- erasotzen hasi zenean, bertan behera geratu ziren erresistentzia armatuaren rolaz eta batasun nazionaleko gobernua osatzera begira abian zituzten elkarrizketak.
Siriaren aldekoek «Feltman kabinetea» deitzen diote Sinioraren gobernuari, «Libanon benetan agintzen duena» AEBetako enbaxadore Jeffrey Feltman dela salatuta.
AEB-EN ALIATUAK. Aitzitik, Siniorak eta gehiengo parlamentarioak-Saad Haririren FM Etorkizunaren Mugimendua buru duela- «Siriak eta Iranek bultzatutako estatu kolpetzat» jotzen dute Hezbolak eta horren aliatuek hasitako protestaldia. Horiek protestak lehenago hasi nahi zituzten, baina Pierre Gemaiel Industria ministro eta Falange eskuin muturreko alderdiko buruzagiaren hilketak atzeratzera behartu zituen. Siriaren eraginaren aurkakoek Damaskori egotzi zioten Gemaielen hilketa, baina Damaskok hori ukatu zuen. Askok diote AEBetako eta Israelgo eta zerbitzu sekretuek hil zutela, justu Hezbolari eta Siriari kalte egin ziezaiokeen unean gertatu zela erantsita.
AEBen aliatuek diotenez, ordea, NBEk Rafik Hariri lehen ministro ohiaren hilketa -2005eko otsailean hil zuten, Beiruten- ikertzeko auzitegi berezia eratzea eragoztea da Siriaren asmoa. Honi leporatzen diote ere haren hilketa.
Nolanahi ere, Hariri hil aurretik, Damaskorekiko harremanak hobetzen ari zen.
Libanoko Gobernua erorarazi arte kaleko protestekin segituko duela dio Hezbolak
Lehen ministroak berretsi du ez duela dimisioa emango, eta tirabirak mahai batean konpontzeko deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu