Manifestariek gobernuari egotzi diote ekonomiaren kolapsoa eragitea —zorra handitu da eta prezioak igo dituzte, esaterako—, eta ustelkeria kasuak izatea. Testuinguru horretan, protestariek gobernuaren dimisioa eskatu dute, eta Saad Hariri Libanoko lehen ministroak gaur jakinarazi du kargua utzi nahi duela. Orain, Michel Aoun herrialdeko presidenteari dagokio hori onartzea: "Inor ez da bere herrialdea baino handiagoa. Baabdako jauregira joango naiz presidenteari dimisioa aurkezteko", adierazi du Haririk. Han dago dagoeneko.
Hilaren 17an, gobernuak proposatu zuen zerga bat ezartzea Whatsapp aplikazioaren bidez egindako deiei —gero hori egitea baztertu zuen—, beste hainbat austeritate neurriren artean, eta ideia horiek herritarren erabateko haserrea eragin zuten.
Harrez geroztik, manifestazioak ugaritu egin dira, eta hamabi egun igaro dira bankuak eta eskolak itxi zituztenetik; errepide nagusiak ere blokeatuta egon dira, eta 1,5 milioi lagunek parte hartu dute protestetan. Iragan igandean, esaterako, 170 kilometroko giza kate bat egin zuten. Gaur goizean, manifestariak Telekomuniazioen ministroaren eta Finantza ministroaren etxeen parean manifestatu dira
Haren dimisioaren berri emateko egin duen agerraldian, Haririk herritarrei eskatu die "egonkortasunari eta segurtasunari" eusteko. Hezbollah da gobernuaren dimisioaren aurka agertu den aktore politikoetako bat; izan ere, Hassan Nasrallah buruzagiak iragan astean adierazi zuen manifestariak "atzerriko etsaiek" finantzatzen zituztela.
Egonkortasun politikoak gutxi irauten du Libanon. Iaz egin zituzten parlamenturako hauteskundeak —2011tik lehenengoz—, eta Hezbollahk eta haren aliatuak izan ziren boto gehien bildu zutenak. Haririren alderdiak, esaterako, hamabi diputatu galdu zituen, baina negoziazioen ostean gobernu koalizio bat osatzea adostu zuen.