Duela zortzi aste Israelek Libanori airez ezarritako blokea bertan behera geratu da 18:00etan (16:00ak Euskal Herrian). Hala jakinarazi du Ehud Olmert lehen ministroaren bulegoak. Baina airez ez ezik, itsasoz ere bloketatuta dauka Israelek Libano "Hezbola gerrillari armak iristea galarazteko". Aire garraioren debekua kendu du, beraz; ez ordea, itsaso garraioari ezarritakoa. NBEren bake indarretako kideak iristen direnean kenduko duela itsasoko blokeoa agertu dute Israelgo Gobernuko iturriek.
Israelgo armadak uztailaren erdialdetik Libanori ezarritako blokeoa berreraikuntzarako, giza laguntzarako eta normalkuntzarako oztopo da. Baita tirabira sortzaile ere. Legez kanpoko neurri zorrotz hori -hegoaldearen okupazioarekin batera- gaitzetsi eta salatu izan du, besteak beste, Libanoko Gobernuak. Atzo, Tel Aviven iragarpena baino ordu batzuk lehenago, Fauzi Salukh Atzerri ministroak ohartarazi zuen Nazio Batuek zehaztutako epean Israelek blokeoa kendu ezean, Libanoko Gobernuak berak «indarrez» urratuko zuela. NBEren idazkari nagusi Kofi Annanek herenegun esan zuen 48 orduko epean -gaur iluntzean, beraz- Israelek Libanori ezarritako blokeoa amaitzea espero zuela. Salukh haratago joan zen: «Annanek emaniko 48 orduak igaro arte itxarongo dugu, eta egoera konpontzen badute, hari eskerrak emango dizkiogu. Ez bada konpontzen, Libanoko Gobernuak beharrezko neurriak hartu, eta gure indar guztiarekin urratuko du blokeoa».
EKIALDE HURBILA
Libanoren aurkako blokeoa arindu du Israelek, baina ez du guztiz kendu
Libanori ezarritako itsas eta aire blokeoa gaur arratsaldean bukaraziko zuela jakinarazi zuen atzo Israelgo Gobernuak, baina ez du guztiz bete: aire bidezkoa kendu du, ez, ordea, itsasoz ezarritakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu