HERBEHEREAK

Liberalekin, Europarantz begira jarri dira Herbehereak

VVDk irabazi ditu Herbehereetako Legebiltzarrerako bozak, 41 diputatu lortuta. Alderdi laborista izan da bigarren indarra, 39 diputaturekin. Eskuin muturrak nabarmenki behera egin du, 9 eserleku galduta. Gobernu akordioak lortzea izango da orain lan korapilatsuena. 

2012ko irailaren 13a
09:48
Entzun

Herbehereetan Europaren aldeko apostua berretsi dute, hauteskundeetan liberal eta laboristei babes zabala emanda. Legebiltzarrerako bozetan, VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herrien Alderdiak irabazi du; 41 eserleku lortu dituzte liberalek, aurreko hauteskundeetan baino hamar gehiago. Parlamentua 150 diputatuk osatzen dute. Mark Rutte alderdiaren hautagaia pozik agertu da herritarrek alderdiaren aldeko apostua mantendu dutelako eta "Europa hobe baten" alde egin dutelako.

PVDA Alderdi Laborista izan da bigarren indarra. Emaitza onak lortu dituzte, 39 ahulki. 2010eko bozetan baino bederatzi diputatu gehiago, alegia. Bi alderdi horien arteko lehia aurreikusita zegoen. Sorpresa eskuin muturreko PVV Askatasunerako Alderdiaren beherakada izan da. Geert Wilders hautagaiak etorkinen, islamaren eta Europako Batasunaren aurka zabaldutako mezuek erantzun negatiboa izan dute eta 9 eserleku galdu dituzte —2010ean 24 eserleku lortu zituzten—. 

SP Alderdi Sozialistak ez du gora beherarik izan emaitzetan. Laboristengandik ezkerrera dagoen alderditzat dute Herbehereetan. Legebiltzarreko 15 diputatuak mantenduko ditu eta hirugarren indar bezala berdindu du eskuin muturrarekin. 

Europan, azkenaldian hauteskundeak egin dituzten gainerako herrialdeetan bezala, krisi ekonomikoa izan da eztabaidagai nagusi, liberal-kontserbadoreek zuzendutako gobernuak onartutako murrizketek erantzun zabala izan baitute karriketan eta gainerako alderdietan. 

Irabazteko faborito ziren alderdien artean ia erabateko berdintasuna egon da, eta emaitzen %92,5 irakurri dituztenean berretsi ahal izan da liberalen garaipena. Hala ere, ez dago argi zein koalizio eratu beharko den sostengu nahikoa izanen duen gobernua osatzeko. Ruttek irabazi eta berehala adierazi du "gobernu egonkorra osatzen ahaleginduko dela". Ez da gauza erraza. 

Koalizioen dilema

Agintean zegoen indarra zen VVD. 2010eko hauteskundeetan, botoen %20,5 eskuratu zituen eta boterea lortu zuen Demokristauekin koalizioan eta eskuin-muturraren sostenguari esker.

Legebiltzarrerako hauteskundeak 2014an ziren egitekoak, baina iragan apirilean Rutteren gobernua gutxiengoan gelditu zen eskuin muturrak, gobernu koalizioari babesa kendu ondotik. Akordioa hausteko gobernuak aplikatu nahi zituen murrizketekin ados ez zegoela argudiatu zuen PVVk, eta ordutik EBren aurkako mezuak indartu ditu, Herbehereek batasuna eta eurogunea utzi behar lituzketela aldarrikatuz. 

Gehiengoa lortzeko bidean, liberalen eta laboristen arteko akordioa aurreikusten da. Horrek austeritate politikekin jarraitzea mugatuko du VVD. Gehiengo osoa lortzeko 150 jarlekutatik 76 dira beharrezkoak. Bi alderdi nagusiak batuz gero gehiengo osotik hurbil geratuko lirateke, baina ukatu egin dute koalizio handi bat prestatzen ari direnik.  Bestalde, eskuineko edo ezkerreko batasun soilek ez dute behar adina boto lortu, beraz, hurbileko jarrerak ez dituzten edo are kontrajarriak dituzten alderdiak elkartu beharko lirateke gobernua osatzeko.

"Europaren aldeko gobernu egonkorra" osatzeko asmoa erakutsi dute bi alderdi horiek, baina akordioa lortzea prozesu korapilatsua izango da, bietako inork ez duelako ekonomiaren eta gizartearen inguruko ikuspuntua aldatu nahi. Ildo horretan, "azken urteetako eskuineko politikak ez duela jarraioenik izango" adierazi du Diederik Samsom hautagai laboristak, emaitzak jakin berritan.  

Gauzak horrela, negoziaketa prozesu luzea aurreikusten da. Alderdiek esan dute, berehala elkartuko direla hitz egiten hasteko. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.