Libia «askea» dela aldarrikatuko du gaur Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidente Mustafa Abdeljalilek, Bengazin, Abdo Rahman Busin bozeramaile militarrak jakinarazi duenez. Beraz, otsailean hasi zen erreboltari bukaera emanen diote. Matxinoek matxino izateari utziko diote ofizialki, eta herrialdea zuzenduko duen erregimen berria bilakatuko dira. Ia zortzi hilabeteko gerra zibila, NATOren esku hartzea eta milaka hildako behar izan dituzte Muammar Gaddafi agintetik kentzeko, baina iragan ortzegunean buruzagia hilda eta Surt haren azken gotorlekua hartuta, helburua lortu dute. Agindutako aldaketa politikoak gauzatzea du orain xede Kontseilu Nazionalak.
Behin herrialdea «askatu» dutela aldarrikatuta, Kontseilu Nazionalaren bide orrian hauteskundeetara deitzea da hurrengo pausoa. Mahmud Jibril erakundeko lehen ministroak jakinarazi du «gehienez» zortzi hilabeteren buruan eginen dituztela. Bozen bidez «kontseilu nazional» bat hautatuko dute herritarrek, «parlamentuaren antzeko zerbait». Kontseilu horrek bi eginkizun izanen ditu: «Konstituzio baten zirriborroa egitea, ondoren erreferendum bidez bozkatzeko, eta behin-behineko gobernu bat osatzea. Gobernu horrek presidentetzarako hauteskundeak arte iraunen luke». Konstituzioaren zirriborroa egiteko bi hilabeteko epea izanen du kontseilu horrek, eta, erreferendum bidez onartuko bada, hortik sei hilabetera izanen dira presidentetzarako bozak.
Horrez gain, lehen ministro kargua uzteko asmoa agertu du Jibrilek. Kontseiluan bertan kritika gogorrak jaso ditu azken hilabeteetan, batez ere bozeramaile militarren eskutik. Hil honen hasieran, Abdeljalil presidenteak iragarri zuen bai berak, bai Jibrilek ez dutela parte hartuko eratuko diren gobernuetan.
Kontraerran gehiago
Gaddafiren hilketaren xehetasunak, berriz, ez ditu argitu Kontseilu Nazionalak. Mezu kontraerrankorrekin segitu du, gainera. Izan ere, Fathi Botxaga kideak atzo goizean adierazi zuen hilotzari ez ziotela autopsiarik eginen; arratsaldean, baina, Ahmed Jibril Atzerri Gaietarako arduradunak BCCri erran zion autopsia jada egina zegoela. Gaddafiren gorpua haren senideen esku utziko dutela ere iragarri zuen Jibrilek. Gainera, Kontseilu Nazionalak hilketa ikertuko duela erran du Atzerri Gaietarako arduradunak. Nazio Batuen Erakundeak herenegun eskatu zuen Gaddafiren heriotza ikertzeko.
Omran el Oueib Surt hartu zuten indarren buruak bertze bertsio bat kontatu du. Gaddafi bizirik harrapatu zutela adierazi dio BBCri, baina horren ondotik tiroketa bat izan zutela koronelaren indarrekin. «Ezinezkoa da jakitea zeinek eman zion tiro». Atzo ere herritar andana igaro zen Misratan Gaddafiren gorpua ikustera.
Libia. Gaddafiren hilketa
Libia «askea» dela aldarrikatuko du gaur Kontseilu Nazionalak
«Gehienez» zortzi hilabeteren buruan hauteskundeetara deituko dute, eta ondoren konstituzioa eratuko duteKontseiluak jakinarazi du Gaddafiren hilotza senideen esku utziko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu