Libia ekialdeko hiri estrategikoa bonbardatu du berriz Gaddafik

Matxinoek bonbardaketa gogor bat izan dutenez, erregimenak Ajdabijara jo ahal izan du; NATOri egotzi diote eraso horiNATOk diktadorearen aurkako aire erasoak gutxitu egin dituela salatu dute matxinoek

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimenak Libia ekialdeko borroka frontetik aitzinera egitea lortu du, eta Ajdabija hiri estrategikoa bonbardatu du. Ajdabija matxinoen hiriburu Bengazitik 160 kilometro hegoaldera dago, baina horra bidean dagoen azken hiri nagusia da. Al Jazeerako berriemaileak jakinarazi duenez, Gaddafiren indarrek eraso hori egin ahal izan dute aitzinetik matxinoen posizioetan gertatutako bonbardaketa gogor bati esker. Hasiera batean, erreboltariek adierazi dute NATOren hegazkinen biktima izan direla, baina geroago erregimenaren airekoei egotzi diete erasoa. Bonbardaketa hori Brega herriaren (Bengazitik 220 kilometro hegoaldera) eta Ajdabijaren arteko errepidean gertatu da, eta horri esker ireki dute bidea Gaddafiren indarrek.

Eztabaida eta nahasmena sortu du matxinoek jasandako erasoak. Al Arabija katearen arabera, gutxienez 50 miliziano hil dira NATOri leporatutako bonbardaketan. BBCk. berriz, hildakoak hamahiru izan direla dio eta Al Jazeerak bortz. Denek NATOko hegazkinen «akatsa» izan dela erran dute. Haien arabera, Gaddafiren soldaduak matxinoen eran hasi dira janzten, hegazkinei nahasmena sorrarazteko.

Ahmad Bani erreboltarien bozeramaile militarrak, baina, bonbardaketen egileak Gaddafiren hegazkinak izan direla adierazi du. Baniren arabera, erregimenak hegazkin txikiak eraman ditu Bregako aireportura, eta horien bidez eraso egin die Ajdabijatik hamar kilometrora. Horrek erran nahiko luke Gaddafik lortu duela NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritako aire eremuaren debekua saihestea.

NATO, erasoa ikertzen

NATOk adierazi du «Bregan tankeen zutabe baten aurka» egindako «balizko» eraso baten «xehetasun zehatzak» ikertzen ari dela. Aliantzak dio Bregaren eta Ajdabijaren arteko borrokak «hagitz gogorrak» izan direla. «Egoera ez dago argi, ibilgailu mekanizatuak alde guztietara joan-etorrian dabiltza». Iragan larunbatean, eremu berberean, NATOko hegazkinek milizianoak zeramatzan autobus bat suntsitu zuten, eta hamazazpi lagun hil zituzten.

Matxinoen aurkako azken erasoa nork egin duen erabat argi ez dagoen arren, Gaddafiren indarrentzat baliagarria izan da Ajdabijara hurbiltzeko. Al Jazeeraren arabera, erreboltariek gibelera egin dute, eta Ajdabijaren erdigunean bildu dituzte defentsarako indar nagusiak. Erregimenak, berriz, hiriaren mendebaldea bonbardatu du obusekin eta misilekin. Hiriko ospitaletik gertu hainbat bonba erori direla jakinarazi diote Efe agentziari. Ajdabijako herritar andanak Bengazira ihes egin duela dio, berriz, Al Jazeerako berriemaileak.

Ajdabijatik Bengazira zuzeneko bidea dago, baina horretaz gain, errepide batek Tobrukekin lotzen du, Egiptoko mugatik hurbil dagoen hiriarekin. Beraz, Ajdabija hartuta, matxinoak erabat inguratu ditzake erregimenak, eta gerra martxoaren 18ko egoerara bueltatu daiteke. Orduan, Bengazi setiatzen ari zen Gaddafi, baina nazioarteko koalizioak aire erasoei ekin, eta erregimenaren atzeraldia hasi zen orduan. Orain, egoera lehengotik hurbil da, eta erreboltariek NATOri bota diote horren errua. Nazioarteko koalizioak erasoen ardura NATOri eman zioenetik (martxoaren 31tik), Gaddafiren indarren aurkako aire erasoak gutxitu egin direla salatu dute matxinoek, eta, horren eraginez, erregimena berriz ere Bengazira hurbildu ahal izan dela diote.

«Ez gibelera, ez aitzinera»

Azken horretan matxinoekin bat etorri da Carter Ham AEBetako jenerala. Operazio militarra NATOren ardurapera pasa aitzinetik, nazioarteko koalizioaren erasoen komandantea zen Ham. Haren erranetan, Washingtonen gidaritzapean egindako lorpenak gelditu egin dira, eta egoera «ez gibelera, ez aitzinera» dago orain. Erreboltariei armak emateko goizegi dela erran du ere, «oposizioko indarrak zeintzuk osatzen dituzten hobeki jakin arte». Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek dio, ordea, Gaddafi «desorekatu» dutela jada, eta orain diktadorea «zein baldintzatan» joanen den aztertzea dela auzi nagusia.

Bertzetik, lau kazetari gehiago desagertu dira Libian. James Fowley eta Claire Morgan estatubatuarrak, Anton el Harmmel hegoafrikarra eta Manu Brabo espainiarra dira. Argazkilariak dira laurak. The New York Times-eko segurtasun aholkulariak dioenez, iragan asteartean Gaddafiren soldaduek atxilotu zituzten, Brega eta Ajdabija artean. Gatazka lehertu zenean, erregimenak ohartarazi zuen haren baimenik gabe Libian sartutako kazetari guztiak atxilotuko zituela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.