Aurrez abisatu gabe iritsi da Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia Tripolira. Atzo bisitatu zuen Libiako hiriburua, eta azaldu du konfiantza osoa duela Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak eratuko duen estatu berria irizpide demokratikoetan oinarrituta egongo dela. «Libiako agintaritza berriak herrialde demokratikoa eraikitzeko konpromisoa agertu du; giza eskubideak eta gizon, emakume eta ume bakoitzaren duintasuna babestuko dituen estatua sortzeko konpromisoa, hain zuzen».
Trantsizio prozesuan NBEren babesa izango duela nabarmendu dio Banek Kontseilu Nazionalari. Aldi berean, baina, arriskuen berri ere eman die libiarrei: «Demokraziarako bidea oztopoz beteta dago, eta zuzenbide estatu baten eta erakunde sendoen eraikuntzak denbora eskatzen du». Ahaleginik handiena elkarrizketa eta berradiskidetze nazionalaren inguruan egiteko eskatu die Banek libiarrei.
Desarmatu beharra
Bakea lortzeko, ordea, armak kontrolatzea izango da Libiako agintaritza berriaren eginkizunik premiazkoena, Banen ustez. Izan ere, oraindik orain, armak entregatu ez dituzten 300 milizia inguru daude herrialdean. Aurreko erregimeneko armadako soldadu asko brigada paramilitarretan daude orain.
«Libiako Gobernu berriak oraingoz ezin ditu lurraldean geratu diren minak eta lehergailuak erretiratzeko planak finantzatu, eta, beraz, munduak berehala laguntzea behar dute libiarrek», adierazi du Max Dyck NBEren Minen Kontrako Koordinaziorako programaren zuzendariak. Minak ez ezik, gerraren ondorioz geratu diren lehergailuak eta armategiak daude «Libiako badaezpadako lekuetan», Dycken esanetan. Kontseilu Nazionala minak erretiratzeko NBErekin lankidetzan ari den arren, Dyckek nabarmendu du une honetan nazioartearen laguntza ezinbestekoa dela.
Libia. Gaddafiren ondorena
Libia estatu demokratikoa izango dela esan du Tripolin Ban Ki-moonek
Minak, armak eta lehergailuak kentzeko nazioarteko laguntza eskatu du Nazio Batuen Erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu