Muammar Gaddafik atzo telebistan egindako hitzaldiak, Libiatik kanpo haren aurkako jarrera gogortzeaz gain, herrialdearen barruan hainbat erreakzio sortu ditu. Hitzaldiaren ostean, Barne ministroak dimisioa eman zuen atzo, eta soldaduei herriarekin bat egiteko eskatu zien.
Gaur Libiako armadako hainbat ofizial oposizioaren aldera pasatu dira, Al Jazeera eta Al Arabija telebista kateei bidalitako bideo batean jakinarazi dutenez. "Al Jabal al Ajdar zonako armadako ofizial eta soldaduek jakinarazten dugu herriaren iraultzarekin bat egiten dugula", dio inguru horretan armadak dituen bozeramaileetako batek, baina izenik eman gabe.
Ofizial horiek, gainera, azpiegitura publikoak eta pribatuak zaintzeko konpromisoa hartuko dutela iragarri du. Azken orduetan, Barne ministroaz gain, gutxienez Libiako zortzi enbaxadorek eta hainbat goi kargudunek eman dute dimisioa. NBEko segurtasun kontseiluak manifestarien kontrako biolentzia deitoratu du Nazio Batuen Erakundearen (NBE) segurtasun kontseiluak deitoratu egin du bart Libian Muammar Gaddafi bere aurkako oposizioko kideen kontra erabiltzen ari den biolentzia.
Gainera, azken egunetako salaketen ondoren, zibilen kontrako erasoen erantzuleak epaitzeko eskatu du. Segurtasun kontseiluak ohar baten bidez dei egin die Libiako agintariei herritarren eskaera "legitimoak" aintzat hartzera, "oposizioan ere bilduz".
Europako Batasunak jo duen bidetik jo du NBEk ere. Mari Luiza Ribeiro Viotti segurtasun kontseiluko presidenteak esan du "ehunka pertsonaren heriotzak" samindu egin dituela, eta biolentzia "berehala" amaitzeko eskatu du. Libiako agintariei euren ardura "herritarrak babestea eta giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea" dela ohartarazi die. Hori horrela egiten dela ziurtatzeko, behatzaileak sartzen uzteko eskatu dio Gaddafiri, eta horiekin batera, baita giza laguntza ere.
Ban Ki-moon NBEko idazkariak Libiako agintariak ohartarazi ditu, eta izaten ari den errepresioa nazioarteko zuzenbidea urratzea izan litekeela esan du. "Irudi izugarriak ikusi ditut, non agintariek manifestarien aurka hegazkinetatik eta helikopteroetatik egiten zuten tiro. Onartezinak dira horrelakoak, eta berehala gelditu behar dira".
NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Navi Pillayk, berriz, Libiako errepresioaren inguruan nazioarteko ikerketa bat egiteko eskatu du. Tripoliren jarrera nazioarteko legediari egindako «desafioa» dela uste du Pillayk. Haren iritziz, gizateriaren aurkako krimen gisa epaitu liteke Gaddafiren erregimenak erabilitako errepresioa. Liga Arabiarrak bilkuretatik kanpo utzi du Libia Liga Arabiarrak bilkuretatik kanpo utzi du Libia, Tripolik erakundearen «eskakizunak» bete artean. Indarkeria ekintzak «berehala etetea» eta Libiako herriaren «bidezko eskakizunak» betetzeko «elkarrizketa nazionala» abiatzea dira eskakizun horiek. Zibilen hilketek eta «bereziki» mertzenarioak kontratatzeak «inongo justifikaziorik» ez dutela salatu du erakundeak. Liga Arabiarraren aldizkako presidentetza aurten Libiari zegokion.
AI Amnesty Internationalek NBEri eta Liga Arabiarrari exijitu die Libiaren aurkako neurriak hartzeko. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek ere adierazi du Gaddafiren erregimenaren errepresioa ez dela «inondik ere onargarria», eta indarkeria gelditzeko exijitu dio. Yemenen Gobernuan dagoen alderdiko zazpi parlamentarik dimisioa eman dute Yemengo Gobernuan dagoen alderdiko zazpi parlamentarik dimisioa eman dute gaur goizean, "herrialdean bizi den egoeragatik eta manifestarien aurka biolentzia beharrik gabe erabiltzen ari direlako". Zazpi horiekin bederatzi dira guztira euren eserlekua utzi duten parlamentariak, aurretik beste bik egin baitzuten gauza bera.
Herriaren Batzar Orokorra alderdiak legebiltzarreko 301 eserlekuetatik 261 ditu, hala ere, eta dimisio horiek ez dute bere agintea kolokan jarriko. Ali Abdala Saleh Yemengo presidenteak batasun nazionaleko gobernu bat osatzera deitu du berriro. Oposizioak, ordea, Salehk agintea uztea nahi du, eta gaur ere 3.000 manifestari elkartu dira Sanako Unibertsitatean dimisioa eskatzeko. Otsailaren 12an hasi ziren protestak Yemenen.
'Haserrearen eguna' antolatu dute martxoaren 11rako Saudi Arabian Saudi Arabian martxoaren 11rako antolatu dute Haserrearen eguna. Sare sozialetan kanpaina egiten ari dira, eta dagoeneko ehunka erabiltzailek eman diote babesa deialdiari; ezin da zehaztu, ordea, horietako zenbat dauden Saudi Arabian. Egun horretan, agintariak aukeratu ahal izatea, emakumeek eskubide gehiago izatea eta preso politikoak askatzea aldarrikatuko dute nagusiki, deialdiaren arabera. Itxaropenaren iraultza deitu diote Saudi Arabiakoari.
Lehenagotik beste deialdi bat ere izan zen Riaden kalera ateratzeko, baina orduko horretan ez zuen arrakastarik izan. Jeda-n protesta saio bat izan zen, uholdeen kalteak jasan ondoren, baina orduko horretan Poliziak sakabanatu zituen manifestariak.