Protestak herrialde arabiarretan

Libiako bi aldeei egotzi die gerra krimenak egitea Amnesty Internationalek

Gobernu berriak islam moderatua izango du oinarri, Abdeljalilen arabera, eta emakumeek parte hartuko dute

Erredakzioa
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Libiako gatazkan murgilduta dauden bi aldeek egin dituzte gerra krimenak, AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Muammar Gaddafiren indarrek gehiegikeria asko egin dituzte, baina haren aurkako erreboltariak ere ez dira atzera geratu. Horixe jasotzen du AIk kaleratutako txostenak. «Agintari berriek azken 40 urteetako gehiegikeriak amaitu behar dituzte, eta giza eskubideei eman behar diete lehentasuna», adierazi du Claudio Cordone erakundeko zuzendariak.

Bi aldeek egindako gehiegikeriak aztertzeko eskatu dio AIk Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari, errudunei zigorra ezartzeko, eta biktimei kalte-ordainak emateko. Erakundea, gainera, kezkaturik agertu da atxilotuen egoeragatik, Saharaz hegoaldeko etorkinengatik batez ere. Mustafa Abdeljalil kontseiluko buruak, berriz, mendekurik ez hartzeko eskatu die matxinoei. Abdeljalilen ustez, erreboltariek ez dute justizia beren esku hartu behar. «Libiako herritarrei min egiten dien orori auzitegiak ireki beharra daukagu. Epaileak erabakiko du».

Igandean ailegatu zen Tripolira Abdeljalil, eta astelehen iluntzean agerraldi publikoa egin zuen Martirien Plazan. Gobernu berriak islam moderatua izango du oinarri, eta emakumeek ere parte hartu ahal izango dute politikan. Horiek izan ziren Abdeljalilek bere jarraitzaileei igorri zizkien bi mezu nagusiak. Dena den, Trantsiziorako Kontseilu Nazionala osatzen duten 45 kideetatik, bakarra da emakumea.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, bestalde, beste ebazpen bat prestatzen ari da. Agintari berriei babesa emateko misio bat bidali nahi du Ban Ki-moon idazkari nagusiak Libiara, eta proposamen hori aztertuko dute. Horrez gain, arma arinen blokeoa bertan behera utzi nahi dute, gobernu berriak «segurtasuna» berma dezan; urte hasieran blokeaturiko dirua desblokeatzea ere aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.