Zazpi hilabete eta bederatzi egun bete dira gaur Libiako Bengazi hiriko atarian Frantziako hegazkinek Muammar Gaddafiren indarren hainbat tanke suntsitu zituztenetik. Nazioarteko indarrek herrialde hartan eginiko lehenbiziko erasoa izan zen hura, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpena baliatuz. NBEren gorengo organoak, baina, operazioa amaitutzat ematea erabaki zuen atzo, eta aurrez iragarritako epe muga berretsi du horretarako, hil honen 31. Zazpi hilabete pasatxo horietan, NATOren erasoek Libia eraldatzea ahalbidetu dute, Gaddafiren erregimena Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ordezkatu baitu. Baina nazioarteko erasoa zuzendu dutenak jakitun dira erregimen berriaren oinarri ahulez, eta hura indartzeko asmoz, 2016 ebazpena onartu du Segurtasun Kontseiluak.
Ebazpen berria aho batez onartu du NBEko organo gorenak. Libian azken hilabeteetan izandako «aurrerapen positiboa» nabarmendu du Segurtasun Kontseiluak, eta hasierako helburua, «zibilak babestea», amaitu dela erran du. Horregatik, aire eremuaren debekua eta armen salmentarako bahimendua altxatu ditu. Beraz, NATOko hegazkinek eta itsasontziek ez dute gehiago oztopatuko Libiarako aire eta itsaso bidezko trafikoa. Libiako petrolio konpainiei, bankuei eta inbertsiorako erakundeei ere ezarritako zigor guztiak kendu dizkie Segurtasun Kontseiluak. Erresuma Batuko Defentsa ministro William Haguek adierazi du 2016 ebazpena «mugarria» izanen dela «Libiaren etorkizun baketsu eta demokratikorantz».
NATOren ekintzak amaitu arren, Erresuma Batuaren Segurtasun Kontseiluko eledunak jakinarazi du segurtasun arloan lankidetza mantenduko dutela Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekin, baina ez du horren inguruko xehetasunik eman. Libiako behin-behineko gobernuak aurrez egindako eskaera asebeteko luke lankidetza horrek, Kontseilu Nazionalaren barne posizioa indartuz, eta, bide batez, Gaddafiren aurka eratu zen nazioarteko koalizioaren interesak bermatuz. Izan ere, Mendebaldearekin harreman ona edukiko duen gobernu bat lehenbailehen errotzea da koalizioaren kezka nagusia.
Botere zentralaren beldurra
Kontseilu Nazionalak, aire eremuaren debekua eta armen bahimendua altxatzeko eskatu arren, NATOri galdegin zion operazioa urte amaierara arte luzatzeko, Ibrahim Dabbashi Libiaren NBEko ordezkariaren hitzetan, behin-behineko gobernua oraindik ez dagoelako prest «segurtasun nazionala bere gain hartzeko». Gaddafiren aurka egiteko sortutako herri milizia anitzek ez dute kontseiluaren aginte zentrala errespetatzen, baina behin-behineko gobernuak dio aitzineko erregimenaren aldekoek erresistentzia antolatzeko arriskua dagoela.
Libian segitzea, baina, «erabat bidera ezina» dela erran du NATOk, eta «inork espero ez duen sorpresa ikaragarririk ezean», urriaren 31n operazioa amaituko du. Epe horretatik aitzinera Kontseilu Nazionalari laguntzeko prest agertu bada ere, aliantzak ziurtatu du ez duela lurreko indarrik bidaliko Libiara. Hala ere, Qatarrek halako misio bat zuzendu lezakeela erran dute aliantzako iturriek, eta, agian, «NATOko kideren batek bere kasa» lagundu diezaiokeela. Qatarrek prest dagoela adierazi du dagoeneko —herenegun bertan jakinarazi zuen gerra zibilean «ehunka» soldadu izan dituela Libian matxinoei laguntzen, 1973 ebazpenak lurreko tropen esku hartzea espresuki debekatu arren—.
Koalizioko gainerako kideek ere ez lukete gaizki ikusiko Qatarren gidaritza; herrialde musulmana denez, Mendebaldeak islamaren lurralde bati eginiko enegarren erasoaren irudia saihestuko luketela irizten baitiote. Qatarrentzat, berriz, nazioarteko eragin politiko-militarra handitzeko tranpolin aproposa da Libia. Matxinada hasi eta hilabetera, adibidez, Kontseilu Nazionalak bere menpeko lurraldeetako petrolioa esportatzeko eskumena eman zion Qatarri.
Mendebaldea, beraz, NATO atera arren bere eragin zuzena mantentzeko formularen bat bilatzen ari da, Kontseilu Nazionala lehenbailehen indartu, eta esku hartzearen onurak jasotzeko. Onura horiek dira epe motzera petrolioaren kontrola eta Afrikako immigrazioari mugak paratzeko elkarlana, eta, epe luzera, gerraren esfortzua murriztuz erregimenak aldatzeko eredu bat finkatuta uztea.
Errusia eta Txina
Hilabeteotan Mendebaldearen jarrerarekin hagitz kritiko izan dira Errusia eta Txina. 1973 ebazpena gainditzea egotzi diote behin eta berriz, testuan ez baitzen aipamenik egin erregimen aldaketari buruz. Hala ere, haien abstentzioak ahalbidetu zuen ebazpenaren onarpena. Izan ere, esku hartzearen kontra egon arren, hasieratik Gaddafirekiko distantzia mantendu zuten bi potentziek. Azkenean, real politik-a nagusitu, eta Kontseilu Nazionala onartu zuten, Libian zituzten interesak bermatzearen truke—bertzeak bertze, Afrika iparralde osoa konektatzeko trenbidea eraikitzeko kontratuak dituzte han—. Horregatik, Libiako egoera politikoa lehenbailehen egonkortzea komeni zaie. Horren adibide, 2016 ebazpen berriaren bultzatzaile nagusienetako bat Mosku izan da; horrez gain, NATOk lehenbailehen Libia uztea nahi zuen.
Azken ebazpenean, Segurtasun Kontseiluak giza eskubideak errespetatzeko hainbat eskaera egin dizkio Kontseilu Nazionalari. Bertzeak bertze, mendeku ekintzarik ez egiteko eskatu dio, eta halakoak zigortzeko. Behin-behineko gobernuak aurrez jakinarazi du Gaddafiren hiltzaileak atxilotzeko agindua eman duela.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Libia
Libiako erasoa amaitutzat eman du Segurtasun Kontseiluak
Hil honen 31n bukatuko da eginkizuna; behin-behineko gobernua indartzeko, 2016 ebazpena onartu du NBEko organo gorenakLibiara misio bat bidaltzeko prest agertu da Qatar, NATOren oniritziarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu