MUNDUA

Libiako lehen ministroa askatu dute, errebeldeek bahituta eduki eta gero

Tripoliko segurtasun nagusiak dio gobernuak duen egoitzara bidean dela Ali Zeidan. Informazio "zehatza" dela argitu du, azken orduetan datu kontrajarri asko egon baita. 

2013ko urriaren 10a
12:22
Entzun

"Libiako lehen ministro Ali Zeidan aske da", jakinarazi du Tripoliko segurtasun nagusi Hashem Bisherrek. Informazioa "zehatza" dela nabarmendu du, azken orduetan datu kontrajarri asko egon baita. libiako Iraultzaileen Salako talde errebeldea izan da bahiketa bere gain hartu duena, nahiz eta "fiskaltzaren aginduei" jarraiki egin duela azaldu duen. Hala ere, Behin-behineko Libiako fiskal nagusi Abdelqader Radwanek ukatu egin du horrelakorik agindu izana. Talde errebeldeak Barne Ministerioarentzat egiten du lan, Tripoliko segurtasuna bermatzeko. 

Ordu batzuk aurrerago gobernuak ohar batez eman du jakitera "behin-behineko gobernuko burua leku ezezagun batera eraman" duela ustez Libiako Iraultzaileen Salako talde bat izan daitekeenak ostegun goizaldean. Libiako berri agentzia ofizialak esan du Ali Zeidan lehen ministroa Barne Ministerioko krimenen aurkako eraikinean dutela giltzapetua. "Osasunez ondo dago, eta beste edozein herritar bezala tratatu dute", nabarmendu du berri agentziaren bozeramaileak ordu batzuk lehenago.  

Armak zituzten lagun talde batek bahitu du Zeidan. Lekukoen arabera, bahitzaileek "ez dute arazorik sortu". Errebelde talde batek bere gain hartu du bahiketa, eta ohartarazi du AEBek Al-Qaedako ustezko buruzagi Nazih al-Raqi atxilotzeko operazioari erantzuten diola.

2011ko urriaren 20an Muammar Gaddafi presidente ohia hil zutenetik, ezegonkortasunean da Libia. Izan ere, Gaddafi boteretik kentzen lagundu zuten miliziek uko egin diote armak emateari. Egoera baretzeko, milizietako batzuk onartu ditu behin-behineko gobernuak, baina ez, ordea, beste batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.