Libiako ekialdeko frontean herenegun matxinoek jasan zuten bonbardaketa NATOko hegazkinek egin zutela argitu du Russell Harding aliantzako operazioko komandante azpikoak. Hala ere, horren errua matxinoei beraiei egotzi die, tankeak erabili zituztelako, eta, Hardingek dioenez, NATOk ez zekielako erreboltariek ibilgailu horiek zituztenik. Militar buruak gaineratu du ez dela NATOren ardura halakoak saihesteko matxinoekiko komunikazioa hobetzea. «Garrantzitsua da oroitaraztea gure eginbeharra zibilak babestea dela, eta haiei min egin diezaieketen indarrei eraso egiten segituko dugu».
NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek, berriz, adierazi du erasoa «biziki» sentitzen duela. Libiako egoera «hagitz ezegonkorra» dela nabarmendu du, eta herenegungo bonbardaketa ulertarazteko oroitarazi du Muammar Gaddafiren indarrek tankeak erabili dituztela «zibilen aurka jotzeko». Matxinoen aurkako bonbardaketa Brega eta Ajdabijaren arteko errepidean gertatu zen. Zenbat miliziano hil ziren ez dago argi; Al Arabijak 50 direla dio, eta Al Jazeerak bortz. Matxinoen bozeramaile militarrak Gaddafiren hegazkinei egotzi zien erasoa. Bonbardaketa horri esker, erregimenaren indarrek aitzinera egin dute, eta Ajdabijaraino ailegatu dira.
Ajdabija, jendez hustuta
Matxinoek diote, baina, erregimenaren indarren aurreratzea gelditu dutela. Ospitaleetako iturriak aipatuz berri agentziek diotenez, ordea, hiriko biztanlegehienek Bengazira ihes egin dute. Hirian soilik herritarren laurden bat gelditzen zela diote. Gaddafik herenegun bonbardatu zuen Ajdabija 40 kilometroko irismena duten misilekin. Hiri hori da matxinoen hiriburu Bengazi baino lehen dagoen azken posizio nagusia, eta Egiptoko mugarekin ere zuzenean lotuta dago.
Gaddafik Ajdabija hartuz gero, nazioarteko koalizioaren esku hartzea hasi zeneko egoerara itzul daiteke gatazka, hau da, erregimenak Bengazi setiopean zuenekora. Hori dela eta, nazioarteko operazio militarraren hasierako buruzagia izan zenak, AEBetako Carter Ham jeneralak, herenegun adierazi zuen egoera «ez aitzinera, ez gibelera» gelditu dela. NATOk, baina, Hamek errandakoa ukatu du, eta nazioartea «irtenbide politiko bat» bilatzeko lanean ari dela erran du, gatazka ezin delako konpondu «bide militar hutsetik». Oana Lungescu aliantzako idazkariarentzat horren adibidea da heldu den astean Qatarren eginen den bilera. Libian esku hartzen ari diren aliatuen zuzendaritza politikoa elkartuko da han, erasoak hasi zituztenetik bigarren aldiz.
Libiako misioaren komandante azpiko Hardingek ere ez ditu ongi hartu Hamen solasak. Bregaren eta Ajdabijaren arteko eremuan gerrako ibilgailuen joan-etorriek sortutako nahasmena handia dela erran du, eta horrek aire erasoak egitea zailtzen duela. «Norbaitek hori trabatutako egoera bezala definitu nahi badu, ongi», erran du ironiarekin.
NBEren laguntza eta ikerketa
Libiako mendebaldean matxinoen esku dagoen hiri bakarrean, Misratan, herritarren egoera zertxobait hobetzeko itxaropena piztu da portutik ontzi batzuk ateratzen eta sartzen hasi direnetik, Gaddafiren setioa hautsiz. NBE Nazio Batuen Erakundeko bat iritsi zen atzo, 600 tona elikagairekin, 100 tona botila urarekin eta behin behineko ospitale bat eratzeko «beharrezko guztiarekin».
NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak, berriz, hiru mandatari bidaliko ditu Libiara hil honetan, giza eskubideen urraketarik egon den ikertzeko. Libiako mendebaldea eta ekialdea bisitatuko dituzte, eta baita Tunisia eta Egipto ere, han dauden errefuxiatuekin egoteko. Erregimenak eta matxinoek egindako balizko urraketak ez ezik, «kanpoko indarrenak» ere ikertuko dituzte.
Libiako matxinoen aurkako erasoa onartu arren, NATOk ez die barkamenik eskatuko
Aliantzako militar buru batek adierazi du erreboltariak tankeetan zihoazela eta NATOk ez zuela horren berririkNazioartea gatazkari «irtenbide politikoa» bilatzen ari dela dio aliantzako eledunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu