Protestak herrialde arabiarretan

Libiako Surt hiria bi egunetan hartuko dutela diote Gaddafiren aurkariek

NATOren laguntzaz sartu dira hirira, eta erresistentzia gogorra aurkitu dute; milaka lagunek ihes egin dute

2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bi astez hiria setiaturik izan ondoren, Muammar Gaddafiren aurkakoek Surtera sartzea lortu dute, eta portua kontrolpean dutela adierazi dute, beste hainbat puntu estrategikoren artean. «Beranduenez ere, 48 ordutan Surt osoaren jabe izango gara», adierazi du Shams Edinek, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideak. Koronelaren jaioterria da Surt, eta, Bani Ualidekin batera, erregimen zaharraren mende jarraitzen duen hiri gutxienetarikoa da.

NATOren laguntza izan dute hirian sartzeko. Azken egunetan gogor eraso die aliantzak Surt eta Bani Ualid hiriei. Astelehenetik asteartera, esaterako, 34 eraso egin zituen. Atzo, berriz,Gaddafiren erregimenaren bost jomuga suntsitu zituela jakinarazi zuen. Horrez gain, milaka lagun Surtetik ihes egiten ari dira, han bizi duten egoeragatik. Giza erakundeak kezkaturik agertu dira, hirian ez baitute elikagairik, ezta sendagairik ere. «NATOk gauero mota guztietako eraikinak bonbardatzen ditu, bost edo sei orduz», adierazi du Sami Abderramanek. Surtetik ihesi doa Abderraman, Tripolira, bere herriko beste hainbeste bezala.

Horrek erraztu egin die Gaddafiren erregimenaren aurkariei hirian sartu ahal izatea, baina erresistentzia gogorra aurkitu dute.Misratatik joandako kideek gidatu dute Surterako sarrera, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak adierazi duenez. Gainera, hiriaren ekialdean Gaddafiren hainbat jarraitzaile eta «mertzenario» atzeman dituztela adierazi du kontseiluak.

NATOk berak ere aitortu du Surteko eta Bani Ualideko egoerak txarrera egin duela, baina Gaddafiren indarrei egotzi die hori. «Jende asko dagoen lekuetan ezkutatzen dira, eta horrek gure lana zaildu egiten du. Izan ere, gure misioa zibilak babestea da, eta ez zibilak arriskuan jartzea», adierazi du Roland Lavoie NATOren bozeramaileak. Beste behin, aliantzaren misioa «ahal bezain laster» amaituko dela adierazi Lavoiek, baina ez du datarik zehaztu. «Erabakia Nazio Batuen Erakundeak hartu behar du».

Negoziazioak tribuekin

Gaddafiren tribu berekoak dira Surteko herritar gehienak, eta hori izan da erresistentzia mantentzeko arrazoi nagusietako bat. Dena den, tribu horretako adineko gizon batekin errendizioa negoziatzen ari direla jakinarazi du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. «Oraindik ez dugu zehaztu adostasunera ailegatuz gero nola aterako diren Surteko herritarrak, baina armak utzi beharko dituzte», adierazi du Tuhami Zajanik, Surt kanpoaldean dagoen brigada bateko buruzagiak.

Dena den, gizon horrekin adostasuna lortuz gero ere, ez dago argi herria errendituko litzatekeen. Izan ere, Bani Ualiden ere lortu zuten akordioa tribu batzuetako buruzagiekin, baina herriak haien aurka egin zuen.

Bitartean, Gaddafik ezkutaturik jarraitzen du, baina bere jarraitzaileei borrokan jarraitzeko mezua bidali die. Atzo bertan, «martirien moduan hil arte» erresistentzia egiten jarraitzeko eskatu zien, Bani Ualideko irratiaren bitartez. Hala, ez zuen Libian jarraitzen zuen ala ez argitu, baina ukatu egin zuen Venezuelara edo Nigerrera ihes egin izana.

Al Mahmudi al Bagdadi erregimen zaharreko lehen ministroa, berriz, aske utzi du Tunisiak. Sei hilabeterako espetxe zigorra ezarri zioten aurreko astean, herrialdean legez kanpo sartzeagatik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.