Protestak herrialde arabiarretan

Libian bonbardaketak egiteari ekin dio nazioarteko koalizioak

Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek misilak jaurti dituzte airez eta itsasoz, herrialdearen ekialdean eta mendebaldeanGaddafik ebazpena «puntuz puntu» bete arte erasoei eutsiko dietela erran du Parisek

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Libian militarki esku hartzeko baimena eman eta bi egun eskasera ailegatu da Muammar Gaddafiren erregimenaren aurka nazioarteak egindako erasoa. Nola ez, Frantzia izan da lehen erasoa egin duena, alegia, esku hartzearen alde sutsuen egin duen potentzia. Herrialde horretako iturri militarrek jakinarazi dutenez, Libiaren ekialdeko Bengazi hiriaren inguruan hogei hegazkin aireratu dituzte, eta Gaddafiren indarren aurkako bonbardaketak egin dituzte, «erasoak saihesteko». Iluntzean, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak jarraitu dute erasoekin. Gaddafiren aurkako nazioarteko aliatuak Parisen elkartuta zirela hasi da erasoa. Han bildutakoek adierazi dute «talde lanean» eta «adorez» jokatuko dutela Segurtasun Kontseiluaren ebazpena bete dadin.

Frantziako hegazkinek Bengazi inguruan zeuden lau tankeri eraso egin dietela jakinarazi du Defentsa Ministerioak. Bengazi Libiako bigarren hiria da, eta han dago oposizioaren Kontseilu Nazionala. Atzerri ministro Alain Juppek, berriz, adierazi du erasoak eginen dituztela Gaddafik NBEren ebazpenaren «puntu guztiak onartu arte».

Gaddafiren mehatxuak

AEBek mendebaldean egin dute eraso. Tripoli ingurua izan dute helburu, eta gerraontzietatik misilak jaurti dituzte. Erresuma Batuak, berriz, hegazkinekin bonbardaketak egin dituela jakinarazi du David Cameron lehen ministroak; Defentsa Ministerioak, berriz, urpekontziekin «Libiako aire defentsaren helburuei» eraso egin dietela dio. Libiako Estatuko telebistak erran du aire bonbardaketek Tripoliko etxebizitza auzo bati kalte egin diotela.

Erasoak hasi aitzinetik, Gaddafik desafio egin die bere aurka jo duten herrialdeei. Libiako «barne arazoetan» sartuz gero «damutu» eginen direla mehatxu egin die. «Libiarrak nire alde hiltzeko prest daude».

Hegazkinek praktikan paratu dutena Parisko goi bileran irudikatu dute Gaddafiren aurkako aliatuek. Han izan diren herrialde guziek esku hartzean parte hartuko ez badute ere —Alemaniak, kasurako—, goi bileraren azken adierazpenean «beharrezko neurri guztiak» hartzeko prest daudela azaldu dute, «neurri militarrak barne». Aliatuez gain, Europako Batzordeko, EB Europako Batasuneko eta Arabiar Ligako ordezkariak, eta NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon izan dira Parisko bilkuran —Afrikako Batasuna ez da agertu azkenean—.

Koalizioan dauden Mendebaldeko herrialdeek, batez ere Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek, garrantzi berezia eman diote herrialde arabiarrekiko elkarlanari —Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Jordania, Irak eta Maroko egon dira Parisen—. Afganistango eta Irakeko ereduak saihestu nahi dituzte horrela; herrialde arabiarrak Libian esku hartzera gonbidatuz, Mendebaldeak gehiengo musulmaneko herrialde batean eginiko interbentzio bat gehiago ez dela erakustea da asmoa. Herrialde arabiarretan protestak hasi zirenetik, baina, gobernu baten errepresioa gelditzeko Mendebaldeak esku hartu duen lehen aldia da Libiakoa.

Erasoak hasi dituen koalizioko kide batzuk NATOko partaideak dira, era berean. NATOk, ordea, ez du esku hartzeko erabakia hartu oraindik, bere 28 kideen onespena behar baitu. Alemaniak eta Turkiak ez dute erasoan parte hartzeko asmorik, ezta horretarako laguntza emateko ere. Horregatik, aliantza militarreko iturriek jakinarazi dute azken erabakia hartzeko «prozesu motela» dutela aitzinetik.

Errusia, berriz, nazioarteko operazio militarraren aurka agertu da, Gaddafiren erregimenak herenegun su-etena aldarrikatu zuelako. «Jendea babestea bada helburua, erasoak gelditu eta su-etena zenbateraino betetzen den ikusi beharko lukete», adierazi du Dumako Atzerri Gaietarako batzordeko buru Konstantin Kosatxovek. «Hori gertatzen ez bada helburua ez dela jendea babestea erran nahi du, erregimena botatzea baizik».

Su-etena ezbaian

Hain zuzen ere, su-etena egiaztatzeko misioa bidaltzeko eskatu dio NBEri Libiako Atzerri ministro Musa Kusak. Neurri horrekin, erregimenak bere sinesgarritasuna «frogatu» nahi duela dio Kusak, eta NBEren ebazpena «errespetatzeko konpromisoa» dutela erran du.

Nazioarteko hedabideen eta oposizioaren arabera, ordea, Gaddafik ez du su-etena bete. Bengazik, Ajdabijak eta Misratak jasan dituzte erasoak. Kontseilu Nazionaleko buru Mustafa Abdeljalilek adierazi du Bengazin ospitaleak «hildakoz eta zaurituz gainezka» daudela. Matxinatuek diote Gaddafiren indarretako hemeretzi kide hil dituztela borroketan, eta bertze hainbat gatibu hartu. Misratan, berriz, bederatzi dira erregimenaren erasoan hildakoak, berri agentzien arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.