Libian giza laguntzarako korridorea irekitzea lortu du NBEk

Matxinoen Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak dioenez, 10.000 lagun dira gatazkan hildakoak

Erredakzioa
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak Libian giza laguntza helarazteko korridorea eratzea lortu zuen atzo. Tunisiako mugatik zortzi kamioik osatutako konboia sartu zen herrialdean, NBEk jakinarazi duenez, 50.000 lagun hilabetez elikatzeko adina janari bildu dute ibilgailu horietan. Elikagai horiek Ilargi Erdi Gorriaren esku utziko dituzte, eta hura arduratuko da banaketaz. Mendebaldeko hirietan dauden «talde kaltetuenei» banatuko zaie laguntza; bertzeak bertze, Tripoli hiriburuan, Zintanen eta Az Zauian.

Matxinoek diotenez, berriz, otsailaren erdialdean gatazka lehertu zenetik 10.000 lagun hil dira Libian. Iraganean ere eman dute kopuru horretako zifrarik. Trantsiziorako Kontseilu nazionaleko presidente Mustafa Abdeljalilek eman du kopuru horren berri Erromara egin duen bidaian. Italiako Atzerri ministro Franco Frattinik adierazi duenez, Abdeljalilek jakinarazi dio zaurituak 50.000 eta 55.000 artean direla.

Nazioarteari babes eskaera

Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak berak NATOri eskatu dio Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako erasoak areagotzeko. «Ez dute nahikoa egin, eta modu horretan ezinezkoa da zibilak babestea». Horrez gain, matxinoen bertze eskari nagusia ere zeharka aipatu du, hau da, nazioartetik armak helaraztearena. «Beharrezkoa da jakitea zer tresna jaso dezakegun libiarrok geure burua defendatzeko». Londresek militarrak bidaliko ditu matxinoak trebatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.