Libian kontrolik gabe jarduten duten milizien arriskuaz ohartarazi du NBEk

Atxilo zentroetan presoak torturatzen dituztela salatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek

2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Libian Muammar Gaddafi koronelaren erregimena amaitu zutenetik hiru hilabete igaro dira, baina NTC Trantsizio Kontseilu Nazionalak ez du bere agintea herrialde osoan finkatzea lortu, eta ezegonkortasuna geroz eta larriagoa da. NBE Nazio Batuen Erakundeak agintarien kontrolik gabe jarduten duten miliziak daudela ohartarazi du, eta horiek milaka lagun legez kanpoko atxilo zentroetan dituztela. Han daudenek tortura jasateko arriskua dutela ere adierazi du NBEk.

Navi Pillay NBEko giza eskubideetarako mandatariaren arabera, 8.000 lagunetik gora daude legez kanpo atxilotuta milizien esku. Gehienak Gaddafiren erregimenaren aldekoak eta Sahara hegoaldeko herritarrak dira. Agintariek ez dute milizia horiengan kontrolik, Pillayk adierazi duenez, eta horrek «tortura eta tratu txarrak jasateko arriskua handitzen du».

Hain justu gobernuz kanpoko Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak, eta AI Amnesty Internationalek tortura kasuak baieztatu dituzte. Lehenak Misratan lana egiteari utzi dio, miliziek euren lana oztopatzen dutela argudiatuta. Esan dutenez, torturatutako presoak artatzeko eramaten dizkiete erakundeko medikuei, horiek artatu eta galdekatzen nahiz torturatzen jarraitzeko. 115 lagun baino gehiago sendatu dituzte «tortura zantzuekin». «Gerrako zaurituei eta gaixo dauden atxilotuei laguntza ematea da gure helburua, ez gaixo bera behin eta berriz artatzea tortura sesioen artean», esan du haserre erakundeko zuzendari Christopher Stokesek. AIk, berriz, salatu du legez kanpoko atxilo gune horietan torturatuta hainbat lagun hil dituztela.«Agintarien aginduetara dauden militarrak eta bestelako indarrak torturatzen ari dira, eta armatutako legez kanpoko miliziak, baita ere», jakinarazi du AIk.

Itzultzeko asmorik gabe

NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek adierazi du, bestalde, aliantzak ez duela Libiara itzultzeko asmorik. «Iazko urriaren 31n amaitu genuen operazioa». Rasmussenek dio misioa «arrakastatsua» izan zela. «Zibilak babestu genituen, eta milaka lagunen bizia salbatu genuen». Libian azken egunetan sortu diren liskarren ostean NATOren rola zein den galdetu diote kazetariek erakundeko idazkariari, eta nabarmendu du Libian zituzten egitekoak amaitu zituztela.

Tripolin, Bengazin eta Bani Waliden liskarrak piztu dira berriki. Azken hiri hori Gaddafiren aldekoek hartu zutela adierazi zuten aste hasieran, eta bi egun beranduago NTCk adierazi zuen kontrolpean zuela egoera. NBEk eta hango bizilagunek, baina, liskarrak Gaddafiren aldekoak sortu izana ukatu dute. «Herritarren eta brigada iraultzaileen artean» izan dira liskarrak Ian Martin NBEren Libiako ordezkariaren hitzetan. Bani Walid Gaddafiren azken gotorlekuetako bat izan zen, eta herrialdean erortzen azkenetarikoa. Dena den, hango biztanleek ukatu egin dute koronelaren erregimena berriz ezarri nahi zutenik. Astelehenetik hona bost lagun hil dira liskarretan.

Bani Waliden gertatutakoaNTCren «ahuleziaren» erakusle bat da Martinen ustez. NBEren ordezkariak adierazi du agintariak ez direla gai izan fakzioguztiak adiskidetzeko. «Erregimen zaharra eraitsi dute, baina egiaz, haren ondarearekin bizi dira». Kontrolik gabe zibilen eskuetan armak daudela ere azaldu du, eta horrek egoera are gehiago zailtzen eta ezegonkortzen duela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.