Libian militarki esku hartzeko aukera indartuz doa

Afrika iparraldeko herrialdean gerta litekeen «edozein ustekaberako» prest dago NATO

Erredakzioa
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafi koronelaren boterea ahuldu eta Libiako egoera larritzen joan den heinean, nazioarteko esku-hartze militarraren aldeko ahotsak ugaritzen ari dira. Egiptok eta Italiak aukera hori aipatu dute, Libiatik atera ezinda dituzten herritarrak aberriratzeko helburua aipatuz. NATOk ez du zuzenean halakorik aipatu, baina Libian gerta liteken «edozein ustekaberako» prest dagoela adierazi du.

Aliantzak premiazko bilera egin zuen atzo Bruselan, Libiako egoera aztertzeko. NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenen arabera, bileran mintzagaia izan zuten soilik atzerriko herritarren ebakuazioa eta eta horien segurtasuna nola bermatu. Aliantzaren «erabateko lehentasuna» atzerritarren ebakuazioa dela adierazi du Rasmussenek. Bileran herrialde bakar batek ere ez du esku hartze militarra planteatu, idazkari nagusiaren arabera. Hurrengo astean NATOk Libiako egoerari buruz bilera gehiago eginen dituela jakinarazi du Rasmussenek.

Italiak gerraontziak ditu Libiako kostaldetik hurbil, baina ukatu egin du militarki esku hartzeko erabiliko dituela. Hala ere, Ignazio La Russa Defentsa ministroak adierazi du Libiako hego-ekialdean dauden italiarrak herrialdetik ateratzeko prest dituztela baliabide militar guziak. Egiptok ere arrazoi berarengatik Libian ahalik eta azkarren sartu nahi du, Gaddafiren erregimenak milaka egiptoarri «atzerriko agente» izatea egotzi dielakoan.

Libia aztergai NBEn

NBE Nazio Batuen Erakundean Libia Giza Eskubideen Batzordetik kanporatzeko eztabaida egin zuten atzo. Batzorde horretan 47 herrialdek dute ordezkaritza. Libiako delegatuak, baina, ez ziren eztabaidan izan. Orain artean, inoiz ez dute herrialderik bidali Giza Eskubideen Batzordetik.

Halaber, Libiak NBEn duen ordezkaritzak iragarri du Gaddafiren erregimenaren aginduak ez dituelako gehiago jarraituko, eta «triskantza» geldiarazteko deia egin dio Tripoliri.

Protestak hasi zirenetik Gaddafiren erregimena inoiz baino ahulago dagoenean, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta EB Europako Batasunak Libiaren aurkako zigorrak ezarriko dituzte. Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk iragarri duenez, AEBek armen salmenta eta orain arteko laguntza militar «mugatua» eten dituzte. EBk ere arma bahikuntza ezarriko dio Tripoliri, eta Gaddafiren jabetzak atxikiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.