Herrialde arabiarretako matxinadetan Libiak eredu bat ezarri zuen, eta, ezinbertzean, Siriako Lagunen atzoko bileran eragin nabaria izan zuen horrek, han bildutako 60 inguru herrialde eta erakundeek eztabaidatu zituzten gaiei erreparatuz gero: atzerriko esku hartzea, oposizioa Siriako herriaren ordezkari legitimotzat hartzea, eta erregimenaren arerioei armak ematea. Azken adierazpenean, Siriaren Lagunek Baxar al-Assaden erregimena gaitzetsi dute eta hainbat eskakizun egin —trantsizio politikoa abiaraztea, erregimenari indarkeria amaitzeko exijitzea eta giza laguntza helarazteko beharra nabarmentzea—, baina azkenean ekintza konkretu bakarra hitzartu dute: Arabiar Ligak aurrez egindako eskakizun bat NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan aurkeztea —NBEren eta Arabiar Ligaren misio bateratu bat Siriara eramateko plana—. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalaren arabera, bilkurak ez ditu «herriaren nahiak asebete». Martxoan berriz biltzekoak dira Siriaren Lagunak.
Bilerako parte hartzaileen artean bi jarrera nagusi bereizi daitezke: herrialde arabiarrak esku hartzearen eta armak ematearen alde daude; Mendebaldekoak, berriz, zigorrak eta presio diplomatikoa estutzearen alde. Qatar, Saudi Arabia eta Tunisia izan dira Sirian esku hartzeko beharra gehien nabarmendu dutenak. Tunisia «kasko urdin arabiarrak» bidaltzearen alde agertu da, baina defendatu du hori ez dela esku hartze militarra. «Yemenen erako plana» aldarrikatu du Moncef Marzuki Tunisiako presidenteak, hau da, Baxar al-Assadek boterea uztea zigorrik ez jasotzearen truke. Errusian erbesteratu dadila ere proposatu du. SNC, ordea, horren aurka agertu da, Al-Assad epai dezaten nahi duelako.
Saudi Arabiari dagokionez, Qatar eta Tunisia baino harago joan da; izan ere, Saud al-Faisal Atzerri ministroak erran du Libiako oposizioari armak ematea «ideia bikaina» dela. SNCko kide batek Reuters agentziari jakinarazi dionez, ordea, desertoreen Siriako Armada Askeak jada lortzen ditu armak atzerritik, baita Mendebaldeko herrialdeetatik ere. Herri horiek ez dutela oposizioa armatzeko erabakia hartu erran du SNCko kide horrek, baina armak lortzeko trabarik ere ez dietela paratu. Reutersek ez du iturriaren izenik aipatu.
Mendebaldea, zigorrei begira
Erresuma Batuak erran du ez dagoela armak emateko prest, baina Libiaren kasuan aliatuek hango matxinoei helarazi zizkieten azkenean. Mendebaldeko herrialdeek zigorretan eta giza laguntza helarazteko beharrean zentratu dute diskurtsoa, Libiako Harremanetarako Taldean eduki zuten jarrera gogorragoa saihestuz. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak iragarri du, adibidez, EB Europako Batasunak hil honen 27an Siriako Banku Zentralaren aurkako blokeo neurriak hartuko dituela. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek, bertzeak bertze, Siriako petrolioa boikotatzeko deia egin du.
Burhan Galiun SNCko presidentea ere izan da bilkuran. «Zibilak babesteko neurri guztiak» har ditzatela eskatu die Siriaren Lagunei, baina zehazki exijitu duen bakarra giza laguntza helarazteko korridoreak sortzearena izan da. Trantsiziorako plan bat ere proposatu du Galiunek, herrialdeko «ordezkari nabarmenek» osatutako presidentetza kontseilu batek eta behin-behineko gobernu batek zuzendua.
Atzerriko esku hartzea zehaztu gabe gelditzeaz gain, SNCk bilkuran jarrita zuen esperantza nagusietako bat ere ez da bete: Siriako herriaren ordezkari bakartzat onartu ordez, Siriako herriaren ordezkari «legitimoetako bat» izendatu dute. Izan ere, Libian ez bezala, —Muammar Gaddafiren aurkako NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionala onartu zuten han—, Siriako oposizioan talde egitura zabalak eta anitzak daude SNCtik kanpo. Horren adibide, Al-Assaden aurka eratu den bertze plataforma nagusiak, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak erakutsi duen haserrea. Hura ere gonbidatuta zegoen atzoko bilerara, baina Tunisera bidalitako ordezkaritzak ez parte hartzea erabaki zuen. «Joera arriskutsua ikusi dugu Siriako herria nork ordezkatzen duen hemen erabakitzeko, armen auzia zehaztugabe uzteko eta nazioarteko esku hartze militarraren aukera irekita uzteko», adierazi zuen NCCk bilkura hasi aitzinetik. Plataforma hori ezkerreko alderdiek osatzen dute nagusiki, eta Damaskon bertan du egoitza; SNCk, ordea, erbestean. Estrategian ere sakoneko desadostasunak dituzte bi taldeek, izan ere, NCC atzerriko esku hartzearen aurka dago, eta erregimenarekiko elkarrizketa ez du baztertzen.
NBEk eta Arabiar Ligak, berriz, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohia izendatu dute Siriarako bidali berezi. Errusiak ongi hartu du izendapena, eta Annanen helburuak «irtenbide baketsua» lortzea behar lukeela adierazi du. NBEk eta Arabiar Ligak jatorri arabiarreko negoziatzaile bat izendatzea saihestu dute, Damaskok onartuko ez zuelakoan.
Gurutze Gorria, Homsen
Sirian bertan, berriz, bertze egun batez Homs hiritik etorri da berri nagusia. ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakinarazi du Ilargi Gorriak hiriko Bab Amr auzora sartzea lortu duela, «behar duen edonor ebakuatzeko». Hori lortzeko erregimeneko eta oposizioko indarrekin negoziatu duela jakinarazi du ICRCk. Oposizioko indar armatuak Homsen daudela eta, duela hilabete inguru hiriaren aurkako bonbardaketa hasi zuen armadak, bereziki Bab Amr auzoan. Oposizioko taldeen arabera ehunka lagun hil dituzte —Herri Koordinaziorako Batzordeek diotenez, atzo 26—, baina zifra horiek berrestea ezinezkoa da.
Libiaren eraginpean
Siriaren Lagunek ez dute erabaki irmorik hartu, esku hartzea, oposizioaren onarpena eta armak helaraztea eztabaidatu arrenOposizioko SNC herriaren ordezkari «bidezkoetako bat» izendatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu