«Proiektu politikorik ez badago, esku hartzeak ez du zentzurik». Nazioarteko koalizioak Libiako erasoa hasi duenetik lehen aldiz mintzatu da Frantziako Defentsa ministro Gerard Longuet, eta adierazpen aski adierazgarriak egin ditu. Iragan larunbatean hasitako erasoen azkenean «libiarrei elkartzeko eta beste etorkizun bat eraikitzeko aukera emateko» dela aitortu du Longuetek. Aitzinetik Alain Juppe Atzerri ministroak esku hartzearen helburuei buruz egindako adierazpenak berretsi ditu Longuetek. Juppek azaldu du Muammar Gaddafiren erregimenaren alternatiba prestatzen ari direla, eta esku hartzeak «egunak edo asteak» iraunen dituela jakinarazi du, «ez hilabeteak».
NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpenak Libian esku hartzearen arrazoia «zibilak eta erasopean dauden zibilen eremuak» babestera mugatzen du, «beharrezko neurriak» hartzeko baimena emanez. Erregimena eraisteaz edo aldatzeaz ez du aipamenik egiten. Juppek hori bera aitortu du, baina Gaddafik Libiaren etorkizunean lekurik ezin duela izan uste du, «eskuak odolez zikinduta dituelako». Horregatik, zibilak babesteaz gain, koalizioaren esku hartzeak helburutzat du «Gaddafiren aurka eta demokraziaren eta askatasunaren alde borrokan ari direnei abantaila ematea».
Hori lortutakoan, esku hartzearekin «bukatzeko asmoa» du koalizioak. Erregimenaren ordezko aginte politikoa, berriz, Libiako oposizioko Kontseilu Nazionaleko kideek eta politika munduko bertze hainbat lagunek osatuko dutela iragarri du Juppek. Adierazgarria da ministroak Kontseilu Nazionalari buruz errandakoa, haren ustez erakunde horrek ez baitu erreboltarien ordezkaritzaren «monopolioa». Kontuan hartu behar da Frantzia izan dela Kontseilu Nazionala Libiako herriaren legezko ordezkari bakartzat hartu duen lehen herrialdea; herenegun bertan, Nicolas Sarkozy presidenteak Kontseilu Nazionaleko ordezkari Mahmud Jabril hartu zuen Eliseoan.
Ankarak ontziak bidaliko ditu
Juppek berretsi du operazioak planifikatu eta zuzentzeko NATOk parte hartzea nahi dutela, AEB Ameriketako Estatu Batuak jardun horretatik ordezkatzeko. NATOk ez du ofizial egin erabakia, baina esku hartzeari traba gehien jarri dion kideetako batek, Turkiak, jakinarazi du «akordioaren hastapena» egin dutela 28 kideek. Ankarak bonbardaketetan parte hartuko ez duen arren, aire eremuaren debekua zaintzeko hegazkinak eta armen bahimendua itsasotik kontrolatzeko ontziak bidaltzea erabaki du Parlamentuak. NATOren parte hartzearekiko eszeptiko agertu den bertze herrialdea Alemania izan da —armen bahimendua zaintzen ere ez du parte hartuko—. AEBek espero dute asteburu honetan uztea erasoen zuzendaritza NATOren esku.
Erabateko esku hartzeari oniritzia eman diona, berriz, Italiako Parlamentua izan da, aldeko 300 botorekin, aurkako 293rekin eta bi abstentziorekin. Atzerri ministro Franco Frattiniren ustez Libiako krisiaren konponbide «elkarrizketa nazionalak» ekarriko du. Gaddafi prozesu horretatik kanpo nahi du Frattinik.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek jakinarazi du Afrikako Batasunak Libiako egoerari buruz gaur Etiopian eginen duen bileran, erregimeneko eta oposizioko ordezkariak bilduko direla. Irudi hori, ordea, Libiako egunerokotasunetik urruti dago, borrokek eta bonbardaketek etenik gabe jarraitzen baitute. Mendebaldeko Misrata hiria inguratzen duten Gaddafiren indarrek koalizioaren aire erasoa jasan dute bigarren egunez jarraian. Hala ere, erregimena hiriko portua artilleriarekin gogor bonbardatzeko gai izan da, oposizioko kide Mohamed Al Mergirbik jakinarazi duenez. Diktadorearen indarrek azken astean 109 lagun hil eta 1.300 zauritu dituzte Misratan, berri agentziek ospitaletako iturriak aipatuz diotenez. Oposizioak salatu du tankeekin eta artilleriarekin batera, Gaddafi frankotiratzaileak erabiltzen ari dela Misratan. Ekialdean, berriz, Ajdabijako borroka frontean, erregimenaren setioaren ondorioz ospitaleek botikak, argindarra eta elikagaiak lortzeko zailtasunak dituztela diote erreboltariek. Herenegungo borroketan 33 lagun hil zirela jakinarazi dute.
Hegazkina suntsituta
Aire eremuaren debekua indarrean paratu zenetik lehenbiziko aldiz, koalizioko indarrek Gaddafiren hegazkin bat bota dute. Misratatik hurbil izan da. Hegazkinak base batean lur hartu eta berehala Frantziako aireko batek misil bat jaurti dio. Koalizioaren arabera, Gaddafik aire eremuaren debekua hautsi duen lehenbiziko aldia izan da; hain justu, Erresuma Batuak erregimenaren aire indarra suntsituta zegoela adierazi eta egun batera.
Parisek jakinarazi du, gainera, herenegun arratsean base militar bat bonbardatu zuela «herrialdearen barneko aldean». Londresek ere urpekontzietatik jaurtitako misilekin Gaddafiren «aire defentsarako sistema» bonbardatu zuen. Biek diote ez dutela zibilik hil, baina AEBetako buruzagi militarrek aitortu dute hori gertatu izana ezin dela baztertu. Atzo, ehunka lagun elkartu ziren Tripolin bonbardaketetan hildako zibilen hiletan. Hildakoen nortasuna ezin dutela frogatu eta, nazioarteko hedabideek zalantzan jarri dute bonbardaketetan hil ote diren.
Protestak herrialde arabiarretan
Libiarentzat «proiektu politiko» bat prest duela dio Frantziak
Parisek esan du erregimenaren aurka borrokan ari direnei «abantaila» emateko dela esku hartze militarraTurkiaren arabera, NATOk erasoa gidatzeko «akordioaren hastapena» lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu