Liga Arabiarrak bilkuretatik kanpo utzi du Libia, Tripolik erakundearen «eskakizunak» bete artean. Indarkeria ekintzen «berehalako etetea» eta Libiako herriaren «bidezko eskakizunak» betetzeko «elkarrizketa nazionala» abiatzea dira eskakizun horiek. Zibilen hilketek eta «bereziki» mertzenarioak kontratatzeak «inongo justifikaziorik» ez dutela salatu du erakundeak. Liga Arabiarraren aldizkako presidentzia aurten Libiari zegokion.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua Afrika iparraldeko herrialdearen egoera aztertzeko elkartu zen atzo. Ordubeteko bilkura egin zuten kontseiluko kideek, eta Muammar Gaddafiri «ohartarazpen» bat egiteko negoziazioekin jarraitzeko prest agertu ziren. Libiako erregimenaren ordezkariak aditzeko prest ere agertu ziren. Berri hau idazterakoan Segurtasun Kontseiluak ez zuen adierazpenik kaleratu oraindik.
Ikerketa eta zigor eskariak
NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Navi Pillayk, berriz, Libiako errepresioaren inguruan nazioarteko ikerketa bat egiteko eskatu du. Tripoliren jarrera nazioarteko legediari egindako «desafioa» dela uste du Pillayk. Haren iritziz, gizateriaren aurkako krimen bezala epaitu liteke Gaddafiren erregimenak erabilitako errepresioa.
AI Amnesty Internationalek, berriz, NBEri eta Liga Arabiarrari exijitu die Libiaren aurkako neurriak hartzeko. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek ere Gaddafiren erregimenaren errepresioa ez dela «inondik ere onargarria» adierazi du, eta indarkeria gelditzeko exijitu dio.
Protestak herrialde arabiarretan
Liga Arabiarrak bilkuretatik kanpo utzi du Libia
Indarkeria etetea eta herriaren «bidezko eskakizunak» onartzea galdegin dio erakundeak Tripoliri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu